www.aretxabaleta.eus

TXINO DANTZA 50 URTE

Aretxabaletan bertan sortutako dantza bat da. Jatorriari buruzko daturik ez badaukagu ere, badakigu gerra ostean ia 40 urtez galdurik egon ondoren, 1975. urtean berreskuratu egin zela, aurreko doinu eta jantzi berberekin, baina berrikuntza batekin: ordura arte gaztelaniaz izandako abestiaren hitzak euskaratu egin ziren.

Dantza honek janzkera berezi eta zehatz bat eskatzen du: lihozko tunika zuria soinean (lehengo kamisoia), burua estalita (txapela, aitzinako kapela, korapilatutako zapia…), lehengo erako oinetakoak (abarkak, alpargatak…), galtzerdi ezberdinak hanka banatan eta aurpegia zikinduta.

Santa Ageda neska-mutilek dantzatzen dute aratusteetako domekan, eta zenbait arrazoik bultzatuta ordua aldatuz joan bada ere, 2009az geroztik 11:30ean egiten da. Horrez gain, esan beharra dago neskak 1998an hasi zirela dantza honetan parte hartzen.

Dantza taldea 12 pertsonak osatzen dute, eta antzina ondorengo ibilbidea egiten zuten: udaletxetik irten, kalegoixenean buelta eman eta errota zaharrera itzuli (udaletxe ondora). Gaur egun, Herriko plazatik irten eta Durana eta Mitarte kaleetatik pasatuz, Belorrietako botika parera iristen dira; han buelta eman eta leku beretik itzuliaz Herriko plazan amaitzen dute.

 

Ibilbide osoan, dantzariak txistulari-banda oso batek lagunduta joaten dira, lehengo eta bigarren txistuak, silbotea eta atabala, alegia. Egun honetan, aratusteetako diana zehatz bat jotzen dute. Euren dantza berezia egin bitartean, ondorengo hau abesten dute dantzariek:

TXIN TXIN, TXIN TXIN

MAHATSA HELDU GABE DAGO

TXIN TXIN, TXIN TXIN

BAINA HELDUKO DA

TXIRIBITO TA ANDREA

JOAN ZIREN JATERA

TXIRIBITO HASERRETU TA

BOTA ZUN LAPIKU

Zer
ERAKUSKETA
Noiz
2025/02/03 11:00 - 2025/02/28 20:00
Non
Erakusketa aretoa
Hitzordua egutegira gehitu
iCal