www.aretxabaleta.eus

Manez eta Kobreak

 

MANeZ

Manez Thierry Biscary-ren (1976, Anhauze, Behe Nafarroa) izen artistikoa da. Talde ezberdinetan (Bolbora, Hegalka, Kokin, Kalakan...) kantatu ondoren, Thierry-k bere kantuak aurkezten dizkigu. Lekukotasun intimo bat emaiten digu; Bereahaide, auzokide, adiskide edo ezagun batzuen bizi parteak kontatzen ditu.

Olerkari eta bertsolari batzueri alegia eta kondaira horiek idaztea eskatu die. Jon Maia, Uxue Alberdi, Xabier Euzkitze, Aurelia Arkotxa edo Itxaro Borda-k ondoko pertsonaiak biziarazi dituzte:

Joana gazteak Behorlegitik joaiteko beharra eta nekezia dauka, Baigorriko laborari batek semearen bizitza bere ordez kudeatu nahi luke, Arnegiko Martin Beltza buhamea etxaldez etxalde eske ibiltzen da, Bermeoko alargunek zoritxarra gainditzeko dantzatzen dute, Ñakosa Aturri ibaian itotzen da urteak pasa ondoren Manezen ondoan, Elizondoko bi alargunek beren bakardadea  batzea deliberatzen dute... Sentikortasunezko Euskal Herri poetiko bat deskubritzen dugu, egiazkoa eta asmatutakoa.

«Kantu horiek lurrarekin dudan harremana aipatzen dute: errotu edo abiatu, joan eta aske izan edo egon eta betikotu. Halaber, besteekin dudan harremana galdezkatzen dut : komunitate baten parte izan edo bazter izan? Zer urruntasuna hartu besteen entzuten egoiteko, erraiten dena eta erraiten ez den guzia onartzeko? Nere ezberdintasuna eta nortasuna nola onartu?»

… eta KOBREAK

Metalezko musika jotzaile hauek, kobreak jotzeaz gain kantariak ere badira. Euskal Herriko ehunka talde informal bezala, gogotik kantatzen dute. Taldearen erreferentziak hauek dira: Behe Nafarroko soinu mutilak (jai batzordeko gazteak etxez etxe eske ibiltzen direnak), Garaziko Ramuntcho orkesta, koblakariak; Elizetan, tabernetan edo famili bazkarietan kantatzen duten gizon eta emazteak...

Eszenatokian talde kide bakoitzak pertsonai bat dauka. Pertsonai bakoitzak arrazoi ezberdinengatik etxetik alde egin du. Denak nomadak bihurtu dira eta batzuk ofizio berri bat hartu dute. Horrela jende asko ezagutu, munduaren aniztasuna ikusi, eta herri honetako biztanleen eguneroko drama ttipiak behatu dituzte. Mintxo behi tratularia eta Iruñako harakina da, Anika berriz idazle publikoa Donostiko tren geltokian, Laura Maulerat etortzen ziren Aragoiko ainaren ondokoa, Vianney hackerra eta Bixente Hazparneko sendagilea.

Taldearen musika tradizioan oinarritzen da eta aldi berean, doinu berrien freskotasuna eta txistukatzen diren kantuen bizitasuna dauka.

Eguna:

  • Azaroak 30, egubakoitza: 22:00

Non: Zaraia aretoa

Sarrera: 4€

Zer
MUSIKA
Noiz
2018/11/30 22:00 - 23:00"
Non
Zaraia aretoa
Hitzordua egutegira gehitu
iCal