Ondare historikoa
Parrokia
Antzina, parrokia Bedarretan zegoen, gaur egungo hilerriaren ondoan, baina San Migeli eskainitako eliza hartatik geratzen den aztarna edo oroigarri bakarra egungo hilerriko atari erromaniko ikusgarria da, eliza haren zati izandakoa. Kristautasunari dedikatutako inguruko tenplu zeharrenetakoa izan zen hura.
Gaur egungo parrokia, Andra Mariaren Zeruratzeari eskainitakoa, XVl. mendean eraiki zen. Denboran zehar, zenbait berritze lan egin dira bertan, eta horietako batzuk oso modu egokian gainera, batez ere aldare nagusian eta alboko kapiletan. Horren adibide dira Bedarretako Kristoa (primeran berriztua) eta Salluenteko Ama Birjina, biak bikain kokatuta aldare nagusian.
Udaletxe zaharra
Antzina, Leintz Bailara eskubide berdinak zituzten hamazazpi herrigunek osatzen zuten. Ez zegoen herrietako buruen bizileku eta justizia-leku izateko egokitutako eraikuntza jakinik. Beraz, herri bakoitzeko eliza eta atariak bilera publikoetarako erabiltzen ziren, kanpai-hotsak deituta.
Aretxabaleta eta Eskoriatza banandu ondoren, bi udalak udaletxea eraikitzeko norgehiagokan ibili ziren, baina Aretxabaletak aurrea hartu, eta udaletxea eraiki zuen kale nagusian. Harlanduzko eraikin noble horren elementurik ikusgarriena aurrealdean duen armarria da, buru-biko arranoa eta Aretxabaleta, Gipuzkoa, Gaztela eta Leongo armak biltzen dituena.
Arratabe Jauregia (gaur egungo udaletxea)
Oinetxe modura eraiki zen 1726an, María Isabel de Otalorak, Enrique Antonio Arratabe Araotzen alargunak, eskriturak sinatu ondoren. Parrokiaren alboan kokatuta dago, eta gaur egun Aretxabaletako udaletxea da.
Jauregia eraikitzeko, han bertan zegoen eraikin bateko eta Eskoriatzako jauregi bateko materialak erabili ziren. Eraikinaren fatxada nagusia harlanduzkoa da, eta gainerakoak harri-hormazkoak. Fatxadan daukan dekorazio elementu nagusia izkina egiten duen armarri ikusgarria da. Lau zatitan banatuta dago: lehenengoan arratabetarren armarria ageri da (lau otso ibiltari goiko aldean, urrezko hiru banda erdian, eta zilarrezko bost zerrenda azpiko aldean), eta beste hiru laurdenetan, Otalora, Galartza eta Araoz-Lazarraga familien aliantza-armarriak ageri dira.
Salerosketa eta beharrezko aldaketak egin ondoren, udaletxe gisa inauguratu zen 1986an. Ezkutuaz gain, aipagarria da eraikinaren barrualdea ere.
Otalora jauregia
Parrokiaren ondoan kokatuta dagoen jauretxe hau 1746. urtean eraiki zen, atariko idatziak dioen bezala.
Tablas jeneralaren bizilekua izan zen, bigarrenez ezkondu zenean Concepción de Otalora hartu baitzuen emaztetzat. Etxe honek, denborarekin, erabilera desberdinak izan ditu: garai batean kultur etxe izan zen; ondoren, Ama Agustindarren komentuaren parte, eta gaur egun, udalerriko zenbait bulegoren egoitza da (beheko solairuan, adibidez, Laboral Kutxa dago)..
Arkarazo jauregia
Oin karratuko eraikin sendoa, gaur egun baserri bihurtua. Bere elementurik aipagarriena Arcaraso familiaren armarria da. Egoera onean mantendu den irudi hori harrizkoa da, ederra, apaingarriz eta girlandaz inguratua. Erdi-erdian zuhaitza ageri da, bi hartzek eusten dutela; zuhaitzaren gainean, bertako seme zen On Juan Arkarasoren oroimenez, bandera bat, jeneralaren intsignia, gudarosteen jeneral eta gobernadore izan baitzen Perun; eta guztia inguratzen duen ertz borobilean, “ARKARASO” idatzita.
Otalorako dorretxea
Aozaratza auzoan dagoen etxe honek oraindik ere baditu antzina izandako boterearen eta distiraren aztarnak: armarria, estilo errenazentistako begiratokia, teilatu-hegal landu eta dotorea, harlanduz egindako hormak, ate eta leihoetako erremateak, gezileihoak... Gaur egun, MONDRAGONeko Zuzendari eta Kooperatiba Garapenerako Zentroa da.
Galartzako dorretxea
Luzaroan gure bailara eta herriaren begirale izan den Galartzako dorretxea XIV. mendekoa da. Eraikin sendo hau haitz gainean jasota dago, galartzarrek euren lurraldean sustrai sendoak zituztela erakutsi nahi izan balute bezala. Izan ere, galartzarrena Leintz bailarako leinurik garrantzitsuenetakoa zen Erdi Aroaren bukaeran, eta garai hartako ugazaben artean ohitura zen legez, Galartza leinuaren oinetxea gotorlekua eta babeslekua zen etxea baino. Gari hartakoak ditu hainbat kanoi-zulo eta gezileiho, leiho biki txikiak eta batez ere, horma sendoak.
Aro Modernoan (XV-XVIII. mendeak) izango zuten galartzarrek urrezko garaia. Izan ere, denbora tarte horretan sendotu egin zen euren garrantzi ekonomikoa eta soziala. 1560an, dorretxearen jabe zen Sancho Galartzakoa hil ondoren, Arrasaten erositako etxera abiatu zen familia osoa, etorkizuna hirietan zegoela jabeturik. Harrezkeroztik, dorretxea familiaren ondare bat gehiago izatera pasatu zen.
Bi mende geroago, 1825ean, dagoeneko baserri bihurturik, Oñatiko Plaza familiaren eskuetara pasatu zen dorretxea, Galartzako maiorazkoa Joaquin María de Plazak eskuratu baitzuen, Ana María Galartzakoaren eta Juan Xabier de Plazaren semeak. Azkenik, 1912an, baserria ustiatzen zuten errentariek erosi zuten eraikina.
1990eko abuztuaren 2an, sute batek ordurako hondatuta zegoen dorretxea ia guztiz suntsitu zuen. Orduan, Aretxabaletako Udalak eraikuntza historikoa berreskuratzeko ardura hartu zuen, eta eraikina berreraiki eta birgaitzea bultzatu zuen 1997an.