Turismoa

Leintz Bailararen bihotzetik, Aretxabaletak landa, kultur, kirol eta aisia aukera ugari eskaintzen dio bidaiariari.

Mendi artean kokatuta, ingurune zoragarriak ezagutzeko aukera ematen dio bisitan datorrenari, hala nola: Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren baitan dagoen Urkulu urtegia, Deba ibaiaren iturburua eta hainbat mendi eder (Kurtzebarri, Murugain…). Aretxabaletako Topogidak era zehatz bezain argigarrian erakusten ditu toki horiek guztiak.

Halere, beste mota bateko kultur eskaintzak nahiago dituenak ere, izango du gozatzeko aukerarik. Izan ere, Aretxabaletak ondare artistiko esanguratsua dauka, hala nola: elizateak, XVIII. mendeko  Arratabe Jauregia (1986az geroztik Udaletxea) eta Otalora Jauregia, Arkarazo Jauregia, Otalorako Dorretxea, XIV. mendeko Galartzako Dorretxea… Eta hori guztia, landa-ingurunea lasaitasunez gozatzeko dauden aukerak ahaztu gabe, edo Arkupe Kultur Etxea, edo Kiroldegi berria….

Beraz, Aretxabaletak erakargarritasun turistiko ugari dauka edonori eskaintzeko. Hori dela eta, orri honetaz baliatu nahi izan dugu aukera batzuen berri emateko. Nolanahi ere, orri honetara sartzen den edonori, udalerria bisita dezan gomendatzen diogu, gure udalerrian eta landa-auzoetan bizirik mantentzen diren arbasoen ohitura zaharrak gertutik ezagut ditzan.

Bai bisitariari, baita herritarrari ere, orri honetan agertzen diren lotuneetan sartzea proposatzen diogu, bertan baitago gu ezagutzeko eta gure herriaz eta inguruneaz gozatzeko informazioa.

Turismoa