Historia

Sorrera

Aretxabaletako parrokiaLeintz bailarako mankomunitatearen sorrerak markatzen du Aretxabaletako bilakaera historikoaren abiapuntua. XIII. mendearen hasierako urte haietan, gure herriaz gain, Leintz Gatzagak, Arrasatek eta Eskoriatzak osatzen zuten eskualde mailako lehen entitate hura, baina urte gutxira Arrasate banandu egin zen (1260an) eta geroago Leintz-Gatzaga (1331n). Handik aurrera, Leintz Bailarako zutoihala hartuta, elkarrekin ekin zioten bideari Eskoriatzak eta Aretxabaletak.

Bailara hura hamazazpi herrigunez osatuta zegoen, bakoitzak bere Alkate, Kontzeju eta arau propioak zituelarik; eta guztien gainetik, baina herrigune bakoitzeko arazo partikularretan sartzeko eskumen barik, Kontzeju bat eta Anaiarteko Alkate bat zeuden (azken kargu hori kapare zen edozein auzotarrek bete zezakeen).

1374. urtean, Gaztelako Enrike II.ak hartutako erabaki batek hasiera eman zion Leintz bailarako historiaren pasarterik penagarrienetako bati. Izan ere, bailara osoa Oñatiko kondeari, Beltran de Gebarari, eman zion, eta ondorio guztietarako Oñatiko jaurerrian inposatzen ziren legeen menpe geratu zen. Erabaki horrek ezbeharra besterik ez zien ekarri bertako biztanleei, jauntxoen agintekeria jasan beharra izateaz gain haien banderapean borrokatu behar izan baitzuten. Horren adibide dira Urrexolagaraiko bataila (Bailarako eta Oñatiko bizilagunak elkarren kontra jarri zituen), edo 1423an jasan behar izan zuten zigorra.

Berriz Gipuzkoan sartzea

Hamazazpi herriguneak Arabako Anaiarteetara (kondearen menpe horiek ere) aldatzeak areagotu egin zuen bailarako biztanleen ondoeza. Bailarak, orduan, Errege Katolikoengana jo zuen, eta horiek, "Real Cédula" baten bidez, Gipuzkoan sartu zuten berriz. Erabaki hori Bidania eta Uzarragako Batzar Orokorretan berretsi zen 1497ko apirilaren 29an.

Baina bere burugogorkerian tematuta, Oñatiko kondeak ez zuen onartu erabakia, eta bailaran arazoak sortzen jarraitu zuen, 1524ko alardean egindako gehiegikeriekin leinztarren pazientzia bukatu zuen arte. Azkenean, erregeari egindako beste protesta bati esker, Leintz bailarak jauntxoaren agintepetik askatzea lortu zuen eta errege-lurraldea izatera pasatu zen. Independentzia 1556an gauzatu zen, Leintz Errege Bailara izenpean.

Eskoriatzarrengandik bereiztea

Epealdi berrian, Eskoriatza eta Aretxabaletaren arteko harremanak okertu egin ziren, biek posizio hegemonikoa izan nahi baitzuten eskualdean. Horrela, barrutiko buru izateagatik edo kartzela, zepoa edo pikota edukitzeko pribilegioak lortzegatik, liskarrak behin eta berriz errepikatu ziren, 1630. urtean Felipe IV.ak bailara banatzeko agindu zuen arte. Ondorioz, alde batean Eskoriatza gelditu zen bere elizateekin, eta bestean, Aretxabaleta eta bere elizateak: Aozaratza, Arkarazo, Areantza, Bedoña, Galartza, Izurieta eta Larrino. Banaketa horrek Leintz Bailararen izate juridikoa hautsi eta bi udaletxeren sorrera bultzatu zuen, bakoitza bere eskumenekin.

Durana ateaBanatu arren, udalen arteko arazoek bere horretan jarraitu zuten XIX. mendearen lehenengo herenera arte. Besteak beste, mugaketak, herriei izena ezartzea eta Batzar Nagusietan eta Alardeetan eserlekuak banatzea izan ziren euren arteko liskarren arrazoi, bizilagunen arteko harremanak zailagoak eginez. Baina 1828an, azkenik, arazo-iturri ziren lurrei buruzko akordio batera iritsi ziren.


XIX. mendearen bigarren erdialdean eta XX.aren hasieran, berebiziko eragina izan zuen udalerrian Madrildik Frantziara zihoan "Postarien Errege Bidea"ren eraikuntzak. Izan ere, Aretxabaleta zeharkatzen zuen bide horri esker, bailara zeharo biziberritu zen, eta ur sufretsua ematen zuten iturburu ugari zegoela aprobetxatuz, bi bainuetxe eraiki ziren, Madrilgo gizarte diruduna bertara erakarriz.

Ibarrako bainuetxea 1843an eraiki zen. Bertako uren ezaugarri terapeutikoek arrakasta izugarria izan zuten, eta bere 16 gelak txiki gelditu ziren laster; ondorioz, ostatu bat ireki zen inguruan. Garai hartan Madrildik noble ugari etorri ohi zen bertara eta, hala, Puerta del Sol edo Portasol izena eman zitzaion toki horri (horrela ezagutzen da gaur egun ere). Bainuetxeko iturburuetako ur sufreduna bereziki mesedegarria zen azaleko eta arnas aparatuko gaitzentzako. Ibarrako bainuetxearen azken arrastoak 1987an bota ziren.

1867an Otalorako bainuetxea eraiki zen, Aretxabaletako bainuetxe eskaintza zabalduz. Dena dela, 60 gela izatera iritsi zen bainuetxe honek ez zuen luze iraun, eta 1896an itxi egin zuten. Hango urak litroko bost gramo gatz zituen. Etxea bota arte, Arrasateko Ama Agustindarrak bizi izan ziren bertan.

Industrializazio prozesua

XX. mendearen lehen zatira arte nekazaritza eta abeltzaintza izan dira Aretxabaletako egitura ekonomikoaren ardatz, baina apurka-apurka baserriko ekoizpenean oinarritutako jarduera hori industria jarduerak ordezkatu du, batez ere sarrailagintzak eta metalaren bestelako eraldaketak.

Gaur egun, udalerriko biztanleria aktiboaren %53ak industrian dihardu lanean, eta herriko zerbitzu-enpresek industria jarduera hori dute euskarri.

Sarrailagintza 50eko eta 60ko hamarkaden artean iritsi zen Aretxabaletara eta, horrekin batera, bestelako hainbat enpresa txiki sortu ziren. Gaur egun, CVL da sektore horretako enpresa nagusia. Era berean, 60ko hamarkadan esperientzia kooperatiboa sortu zen bailaran, eta Aretxabaletan horren adibide garrantzitsuena COPRECI da, etxetresna elektrikoen piezak egiten dituena.

Horrez gain, Eskoriatzako udal-barrutian kokatuta dagoen arren, automobilgintzarako piezak fabrikatzen dituen EDERLAN kooperatibak –dibertsifikazio eta zabaltze prozesu baten sarturik– aluminio-injekziorako planta modernoa ezarri du Aretxabaletako Etxebarri poligonoan.

Udalak bultzatuta, 1984an Aretxabaletako Industrialdea S.A. (ARINSA) eratu zen, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren partaidetzarekin, eta industria pabiloietarako 24.000m2 eraiki ziren Basabe Poligonoan.

Garai batean ARINSA zena, gaur Debagoieneko Industrialdea S.A. da. Elkarte berri honek, Aretxabaletako industria lurzoruaren beharrak kontuan izanik, 15.000m2 pabiloi eraiki ditu Bainetxe Poligonoan.