Auzoak

Aretxabaletako udalerrian hainbat auzo edo elizate daude. Udalak 2021ean egindako erroldaren arabera, 7.102 biztanle ditu Aretxabaletak. Horietako gehienak hirigunean bizi dira, eta elizateetan 320 biztanle daude. Guztira 9 auzo dauzka Aretxabaletak.

AOZARATZA ELIZAURREA

24 baserri eta 44 biztanle ditu. Auzo honetan San Juan Bataiatzailearen eliza nabarmentzen da, eta bertan dago Otaloratarren kapera berezia. Urkulu urtegia auzotik gertu dago. Aozaratzara iristean Otalora dorretxea ikus daiteke, antzinako botere eta distiraren aztarnak mantentzen dituen eraikina: armarria, errenazentista itxurako begiratokia, sabai-apaindura dotorea teilatu-Hegalean, harlanduzko obra eta ate eta leihoetako erremateak. San Juan jaiak ospatzen dira bertan ekainaren 24an.

Aozaratza

ORO  AUZOA

20 baserri eta 45 bizilagun ditu. Gaur egunean ez dauka elizarik, baina garai batean bertan zeuden S. Martin eta S. Juan ermitak (egun baserriak). San Juan ermitako bataiarria Gatzagako parrokian dago gaur egun. Horregatik, bertako abade zen On D. Bergaretxek zera esaten zuen "Tengo una pila Bautismal en Oro".

LARRINO ELIZAURREA

23 baserri eta 47 biztanle ditu. Aretxabaletako hirigunetik 2 kilometrora dago auzoa. Bertan, San Kristobal eliza eta hainbat baserri interesgarri ikus daitezke; besteak beste,  Lekunberri, Etxe-berri eta Iturrioz Garai. San Kristobal jaiak ospatzen dira bertan uztailaren 10ean.

ISURIETA ELIZAURREA

10 baserri eta 15 biztanle ditu. Hirigunetik gertuen dagoen auzoa da. Zenbait aztarna erromaniko gordetzen ditu, eta San Pedroren eliza kokatzen da bertan. Auzoan interes handia duen "Izurieta Azpikoa" etxea aurkitzen da.
San Pedro jaiak ospatzen dira bertan ekainaren 29an.

GOROETA ELIZAURREA

19 baserri eta 40 biztanle ditu. Bertako eliza neoklasikoaren zaindaria Santiago da. 1556 urtekoak dira eraikin honi buruzko lehenengo aipamenak. Bestalde, elizako erretaula ikusgarrian Santiago Apostoluaren bizitzaren pasadizoak azaltzen dira. Santixau jaiak ospatzen dira bertan uztailaren 25ean.

Goroeta

GALARTZA  ELIZAURREA

17 baserri eta 46 biztanle ditu. Gipuzkoa eta Arabaren arteko mugatik gertu, paisaia eta eraikin ederraz goza daiteke. Adibide esanguratsuak: Galartzako Dorretxea (XIV. mendekoa) eta bere hormetako kanoi-zuloak, eta Santa Luziaren eliza, bere antzinatasuna erakusten duten irudi arkaikoekin. Santa Luzia jaiak ospatzen dira bertan abenduaren 13an.

APOTZAGAETXEBARRI AUZOA

10 baserri eta 18 biztanle ditu. Auzo honetan Salluente edo San Lorenzo Baseliza dago. Gaur egungo eraikina XVII. mendekoa da, eta antzina herriko parrokia izan zen. Urrutiko herrietako elizkoiek asko bisitatu zuten. Aspaldiko ohiturari jarraituz, herritarrak elikagaiak bedeinkatzera joaten dira San Blas egunean. San Blas eguna ospatzen da bertan otsailaren 3an.

AREANTZA ELIZAURREA

16 baserri eta 30 biztanle ditu. Natibitate Elizari itsatsirik apaizetxea dago. Baserri-ermita honetan Erdi Aroko aztarnak ikus daitezke. Horrez gain, hilerriaren ondoan dagoen San Bixente baseliza ere aipagarria da. Bestalde, baserri guztien artean aipagarriena "Ardantza" dela esan daiteke, aurrealdean duen armarri zoragarriagatik. Agorrreko Andramaixak ospatzen dira bertan irailaren 8an.

ARKARAZO ELIZAURREA

12 baserri eta 35 biztanle ditu. San Millan Elizak eta abade-etxeak multzo arkitektoniko ederra osatzen dute. Aipagarria da bereziki "Juanatxokoa" baserria. San Millan jaiak ospatzen dira bertan azaroaren 12an.

Arkarazo