Herria ezagutu
Udalerriko aurkikuntza arkeologikoek erakusten digute historiaurreko gizakia bizi izan zela lurralde hauetan. Nolanahi ere, Aretxabaletari buruzko lehenengo aipamena X. gizaldikoa da, Leintz Bailarako Mankomunitateko kide zenekoa, Arrasate, Gatzaga eta Eskoriatzarekin batera. 1331 urteaz geroztik, Mankomunitatea, Aretxabaleta eta Eskoriatzak osatu zuten.1374 urtetik 1556 urte arte, bi udalerriak Oñatiko Kondearen kontrolpean egon ziren. Ondoren Aretxabaletak independentzia lortu zuen Felipe IV.aren eskutik.
Udalerri honen bilakabide historikoa bertako herritarren dinamismoak markatu du, eta haien eraginez, denborarekin, udalerri aberats eta industrializatu bihurtu da. Aretxabaleta kooperatibismoaren sorlekuetako bat da, Gipuzkoako bilakaera ekonomikoan eragin nabarmena izan duen enpresa-mugimendua.
Bere adierazle ekonomikoei begirada bat emanez, ikus daiteke Aretxabaletaren errealitatea zein den. Industriarekin zerikusia duen lan-jardueraren bat egiten duten biztanleen portzentaia Gipuzkoako batez bestekoaren bikoitza da. Zerbitzuek ere, udalerriaren ekonomian pisu garrantzitsua dute, herritar askoren langune baitira.
Duen industri izaera nabariaz gain, Aretxabaletak monumentu-multzo interesgarria dauka. Multzo horretan, nabarmentzekoak dira Andra Mariaren Eliza eta bertan dagoen Bedarretako San Migelen garai bateko elizaren kripta, Otalora Jauregia edo Arratabe Dorretxea. Natur erakarmen nagusiak Urkulu urtegia eta Kurtzebarri mendia dira.