Zinema proiektore berria hilabete honetan estreinatuko da sei film eta dokumental batekin

2022/02/02
Udalak 45.000 euro inbertitu ditu ekipamendu digital hau erosteko. Bi antzezlan eta Eñaut Zubizarretaren 'Trigger' kontzertua ere izango dira kultur egitarauan.

Udalak zinema proiektorea erosi du Arkupeko Zaraia aretorako. Ekipo digital berri hau urtarrilaren 12an eta 13an instalatu zen, eta otsailerako programatuta dauden sei filmekin eta dokumental batekin estreinatuko da.

Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak azaldu duenez, Udalak proiektore bat jabetzan izatearen aldeko apustua egin du, “zinema programazioaren kudeaketa publiko egokia bultzatzeko eta kultura eskaintzaren kalitatea hobetzeko” helbuarekin. Udalak 35 milimetroko proiektore analogikoa dauka, duela urte batzuk zinema digitalizatuak ordezkatu zuen euskarrri filmiko klasikoa. Ekipo hori ez da erabiltzen, eta azken urteotan zinemaren zerbitzua kontratatu da, proiektore digitala barne.

Ekipamendu berria erosteko 45.000 euro inbertitu ditu Udalak. Aving Systems S.L. enpresari erositako gailua CP2308 Christie modelokoa da, erabilerraza eta elektronika aurreratuarekin.

Filmak programatzeko kontratazio zuzena egin da denboraldia amaitu arte, hau da otsailetik apirilera arte. Aldi berean, urriaren amaieratik aurrera datozen lau urteetan zinemaren kudeaketa esleitzeko lehiaketa arautuko duten pleguak lantzen ari da Udala.

Horrela, otsailean sei film izango dira ikusgai: hiru pelikula helduentzako (El metodo Williams, En un muelle de Normandia eta Belfast), eta beste hiru haurrentzako (Ilargirantz, ¡Canta 2! y Clifford, el gran perro rojo).

AITA MARI DOKUMENTALA

Zineaz gain, otsaileko kultur programak Aita Mari dokumentala ere eskainiko du hilaren 17an. Javi Julio zuzendari donostiarraren lanak Salvamento Maritimo Humanitario euskal GKEaren lana eta Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzeko egokitu zen atunontziaren ahalegina kontatzen du.

Gainera, Zaraia aretoko taulen gainean bi antzezlan izango dira. Otsailaren 18an eRRe. Aldarri bat bertsoz taularatuko da. Lekaixoka Bertso Eskolak sustatutako lan honek arte eszenikoak eta bertsoak uztartzen ditu.  Otsailaren 26rako, aldiz, Panta Rhei konpainiaren Noa, uy, uy, uy haurrentzako ikuskizuna proposatzen da.

Musikak, oraingoan, protagonista aretxabaletarra izango du: Eñaut Zubizarreta Trigger biolontxelo jotzailea. Poliedro Vol.1. lana aurkeztuko du otsailaren 25ean.

Bestalde, Marga Zubia Lezeta arrasatearraren margolanak ikusgai egongo dira hilaren 4etik 28ra bitartean.

Liburutegiak, bere aldetik, Animalien ipuinak haurrentzako ipuin kontaketa antolatu du. Lupe Lekuonak gidatuko du otsailaren 16an egingo den saioa, eta izen-ematea 7an irekiko da.

Kultur ekitaldietarako sarrera guztiak, zinema barne, salgai daude, aurrez aurre Arkupen eta baita online ere, www.aretxabaleta.eus webgunearen bidez (Agenda/Erosi zure sarrera).

EGITARAUA