Zazpi ikuskizunek kulturaz beteko dituzte kaleak ekainean

2023/06/01
. Antzerkia, musika eta zirkua izango dira nagusi ‘7x7 Kultura Kalean’ egitarauan. Familian gozatzeko hainbat ikuskizun eskainiko ditu programak . Santakurtz plazan, Ilargi plazan, Felix Iñurrategi lorategian, Mitarte kalean eta Herriko plazan izango dira ekainaren 7tik aurrera emanaldiak jasoko dituzten eszenatokiak

2023ko ekainaren 1a. Aire zabaleko zazpi ikuskizunek hartuko dituzte Aretxabaletako kaleak ekainean. Herriko plaza, Felix Iñurrategi lorategia, Mitarte kalea eta Ilargi eta Santakurtz plazatxoak izango dira 7x7 Kultura Kalean programaren agertokiak. Ekimen honekin kaleak Udaleko Kultura sailak bultzatutako kultur ekintzen lekukoa hartuko du.

Antzerkia eta musika dira adin guztietako ikusleei zuzendutako egitarau honen edizio berriko proposamen nagusiak.

7x7 Kultura Kalean ekainaren 7an hasiko da, Bihar Txontxongilo taldeak Santakurtz plazan aurkeztuko duen Harritzeko ipuinak haurrei zuzendutako txotxongilo ikuskizunarekin. Hurrengo hitzordua 9an izango da, kasu honetan Herriko plazan, Trokolo Teatroaren Txus& Txu lanaren eskutik; familian gozatzeko muntai dinamiko, hurbila eta keinuzkoa.

Ekainaren 14an, ordea, Dj Porru 3.0 ikuskizunak dantzan jarriko ditu etxeko txikienak, eta bi egun geroago, 16an, Leizarra Musika Eskolako bandak hartuko du protagonismoa Felix Iñurrategi lorategian.

Hilaren 18an, Hotzmuga Teatrok (Herriko plaza) Agurea, urpekaria eta itsasoa taularatuko du. Umore handiko esperientzia horrek kontsumismoa, hondakinen sorrera handia eta itsasora egiten duen isurketa masiboa ikusarazten ditu. Malabareak, magia eta pailazoaren pertsonaia dira ekainaren 21ean Zirkoloretsua taldeak Iralabarri plazara eramango duen Begiekin ikusten gara lanaren plater nagusiak.

Amaitzeko, 27an, Patata Tropikala Antzerki Laborategiak txotxongilo, maskara, umore eta irudimenez osatutako abentura dibertigarri batean murgilduko du publikoa. Azken eguzkilorea izenburuko lana Mitarte kalean izango da ikusgai.

Ikuskizun guztiak 19:00etatik aurrera izango dira.

Judit Neddermannek bere doinuak ekarriko ditu Herriko plazara ekainaren 11n

Bestalde, ekainaren 11n Herriko plazak Judit Neddermann hartuko du, folk sustraietatik eta musika modernotik edaten duen Kataluniako kantautore ezaguna. Alejandro Sanz, Jorge Drexler, Joan Manuel Serrat, Noa, Macaco eta Rozalen bezalako artistekin kolaboratu du. Bere bosgarren diskoa kaleratu berri du, brasildar musikari eta iberiar folkloreari esker oneko albuma, bere ibilbide musikalean eragina izan duten bi estilo, abesti alaiez elikatzen dena.