Udalbatzak adineko pertsonentzako gizarte zentroaren obrak lizitaziora ateratzea onartu du

2022/07/22
2,1 milioi euro baino gehiagoren truke aterako dira lehiaketara, eta urtebetekoa da gauzatzeko epea. Basotxo jubilatuen egoitza berria, eguneko arreta zerbitzua eta erabilera anitzeko aretoa egokituko dira.

Udalbatzak Santa Rita komentu izandako eraikinean egokituko den adineko pertsonentzako gizarte zentroaren obrak lizitaziora ateratzeko prozesuari argi berdea eman dio, 2.146.674 euroan (BEZa barne). Lan horiei esker, Basotxo jubilatuen elkartearen egoitza eta eguneko arreta zerbitzua atonduko dira beheko solairuan, baita kapera zaharrean erabilera anitzeko aretoa ere.

Asteazkenean egindako Osoko Bilkuran obrak esleitzeko deialdia aho batez onartu zen. Gizartegintzako zinegotziak, Karmele Uribarrik, gogorarazi duenez, adineko pertsonentzako gizarte zentroa aurreko legealditik lantzen ari diren Udal Gobernuaren "proiektu estrategikoetako bat" da.

Lanak hasieran aurreikusita zegoena baino “beranduago” jarriko direla martxan onartu du Uribarrik. “Pandemia iritsi zenean doikuntzak egin behar izan genituen udal aurrekontuetan. Gainera, hirigintzako izapideekin batera,  erabilera anitzeko aretoaren intsonorizazioa geroago gehitu zaio proiektuari”, zehaztu du Uribarrik. Nolanahi ere, Gizartegintzako zinegotziak pozik agertu da obrak esleitzeko prozesuari hasiera emateagatik.

Eskaintzak aurkezteko epea irailaren 8ra arte egongo da zabalik. Esleipena urrian egitea aurreikusten da eta lanak, ezustekorik ez badago, azaroan hasiko dira. Urtebeteko epea  jarri da hauek bukatzeko.

Beheko solairuan eta kaperan

Esku-hartzea eraikinaren beheko solairuan egingo da. Bertan, eguneko arreta zerbitzua eta Basotxo jubilatu elkartearen egoitza, taberna eta jantokia barne, kokatuko dira.

Bestalde, kapera erabilera anitzeko gela bihurtuko da, herrian antolatzen diren ekintzeetarako irekita egongo dena. Espazio guztia kota berean jarriko da, leihateak irekiko dira eta instalazioa akustikoki egokituko da. Honetaz gain, ekipamendu hau biltegia eta bainugelekin jantziko da.