Udalaren diru-sarrerak 1.375.000 euro murriztuko dira
Koronabirusaren osasun krisiak izan duen eragin ekonomikoaren ondorioz, murriztu egin dira Udalak jasoko dituen diru-sarrerak eta, horregatik, udal aurrekontua errealitate berrira egokitu behar izan da. Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen atzo 2020rako aurrekontu berria, eta horren arabera, 1.373.500 euro murriztuko dira urte honetarako aurreikusitako diru-sarrerak. Jaitsiera hori konpentsatzeko 2019ko aurrekontu-ekitaldiko diruzaintzako gerakinetik 1.150.000 euro bideratuko dira.
Diru-sarreren murrizketa bi alor nagusitan eman den jaitsieraren ondorioa da:
- Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik 1.014.000 euro gutxiago jasoko dira (Jaitsiera %20 gutxiagorekin kalkulatuta dago).
- Udal tasen eta zergen bilketaren jaitsiera: 350.000 euro kiroldegiko abonu eta ikastaroen kuotei dagozkie; 43.500 euro denda, hostalaritza eta zerbitzuetako zaborraren eta uraren tasak murrizteari, eta 7.000 euro ez dira jasoko terrazen tasetatik.
238.000 euroko zenbatekoarekin hasierako aurrekontuan jasotako hainbat partida blokeatuko dira, udazkenera begira Udalak gastu horiei aurre egin ote diezaiekeen jakiteko datu ekonomiko gehiago ezagutu arte. Hauek dira blokeatzen diren partidak: txakurrentzako aisialdi-gunea, kiroldegian eguzki plakak instalatzea, lokalak eta bolatokia konpontzea, San Migel de Bedarreta auzoan irisgarritasuna eta zebra bideen segurtasuna hobetzea, urbanizazio lanak eta kuartel zaharreko patioa egokitzea. Beste proiektu batzuk, ordea, atzeratu egin dira, hala nola Ibarrako futbol zelaiko argiteria berritzea.
Gizarte zerbitzuen arloan, 104.000 euro gehiago bideratuko dira Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara, kontuan hartuta azken hilabeteetan eskaeren kopuruak gora egin duela. Bestalde, etxez etxeko laguntza zerbitzua 90.000 euro gehiagoz hornitu da, partida ekonomikoa 300.000 eurora igoz. Udalak herriko elkarte eta erakundeei ematen dizkien diru-laguntzetan doikuntzak egingo dira eta, horretarako, talde bakoitzaren egoera aztertuko da beraiekin. 2019ko aurrekontuko diruzaintzako gerakinari dagokionez, 2,6 milioi euro inguru, 2020ko diru-sarreren murrizketa neurri batean konpentsatzeko erabiliko da, zehazki 1.150.000 euro. Gainerako zenbatekoa 2021ean sortzen diren beharrei erantzuteko gordeko da.
Aurrekontu-doikuntza horren barruan, liberatutako bi zinegotzien dedikazioa eta dagokien ordainsaria ere murriztu dira. Ainhoa Caberok eta Ion Albizuk beren lanaldiaren %75 udal-zereginetarako erabiliko dute, orain arte bezala lanaldi osorako izan beharrean. Aparteko ondainsaririk ere ez dute jasoko. Unai Elkoro alkateak ere uko egin die urteko aparteko bi ordainsariei. Neurri horrek guztiak urtean 55.000 euro inguru aurreztea ahalbidetuko du.