Udalak zazpiko futbol zelaia egiten dari den enpresa zigortuko du lanen atzerapenagatik
Aretxabaletako Udalak zazpiko futbol zelaia eraikitzen ari den enpresa zigortuko du lanen atzerapenagatik. Azken hauek abuztuan bukatu behar zuten.
Apirilean hasi ziren futbol zelaiko obrak, lau hilabeteko exekuzio epearekin. Denbora honetan hainbat eragozpenei aurrera egin behar izan diete eta, horren ondorioz, lanen amaiera atzeratu da. “Obren hasieran, aurreikusita zegoen baino gehiago induskatu behar izan zuten, eta horrek entrega-epeari eragin zion. Abuztuan, zelaiak amaituta egon behar zuenean, enpresak instalazioaren itxiera perimetrala denboraz ez zuela jasoko jakinarazi zigun. Irailaren erdirako konponduta egongo zela esan zigun, baina data hori ere ez da bete”, azaldu du Unai Elkoro alkateak.
Azkenengo epe luzapenaren arabera, futbol zelai berria urriaren bukaerarako egongo da prest. “Aurreikuspen eza egon da enpresaren aldetik eta horrek denboraldi berriarekin zelaia inauguratzea galarazi du. Beraz, atzerapen egun bakoitzagatik 175 euroko zigorra jartzea erabaki dugu (legeak ezartzen duen moduan)”, aditzera eman du Elkorok. Txosten zigortzailea abiarazi du Udalak eta, orain, obren ardura duen enpresak hamar eguneko epea du alegazioak aurkezteko.
ARQuNiCa estudioak idatzitako proiektuaren arabera, futbol zelai inguruak 58x38 metroko neurria izango ditu, eta zelaiak berak 52x32 metro. Belar artifiziala jarriko diote eta hori ureztatzeko sei aspertsore izango ditu. Hormatxo batek itxiko du instalazioaren ingurunea, eta haren gainean bi metroko hesia ipiniko dute, baloiek alde ez egiteko.
Argiztapenari dagokionez, hamabi metroko lau zutabe jarriko dira eta bakoitzaren gainean Led motako lau proiektore. Honetaz gain, futbolean jokatzeko behar den materialekin hornituko dute zelaia: bi ate mugiezin, eskuz aldatzeko markagailua, jokalariei zuzendutako aulkiak, ikusleentzako eserlekuak…
Udalak Sports & Landscape enpresa katalanari esleitu zizkion lanak, 352.000 eurotan. Horietatik, UDAk 51.000 euro baino gehiago ordainduko ditu, eta gainontzekoa Udalaren kontura joango da. UDAk izango du lehentasuna zelaia erabiltzeko. Entrenamendu orduez kanpo erabilera publikoa izango da.