Aretxabaletako Udalak Sexologia Aholkularitza Zerbitzua abian jarri du
Datorren astelehenean, urtarrilak 21, abian jarriko da Aretxabaletako Udaleko Sexologia Aholkularitza Zerbitzu berria. Printzipioz uztailera arte izango da, eta Montse Velasco Frías sexologoak izango du zerbitzuaren ardura.
Doako udal zerbitzu berri hau hamabostean behin eskainiko da, astelehenetan, Aretxabaletako Udaleko Prebentzio Saileko bulegoan, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara.
Sexologia aholkularitza profesionala eskainiko duen zerbitzu hau biztanle guztiei zuzenduta dago, adin, sexu eta kultura ezberdintasunik egin gabe. Sexualitatearen inguruko zailtasunei aurre egiten eta zalantzak argitzen laguntzea du helburu.
Bertan, sexologiaren zientziatik abiatuta, topikoetatik, beldurretatik eta aurreiritzietatik haragoko mezuak transmitituko dira. Halaber, sustatuko da sexualitatea bizitzeko dauden modu ezberdinak normaltasun eta errespetuz tratatzea, eta sexualitatearen aurrean jarrera positiboa izatea, begirunezkoa, arduratsua.
Gizartean dagoen aniztasuna zein norbanakoen ezberdintasunak kontuan hartuta eta pertsona bakoitzak duen modu, ñabardura eta berezitasun propioetatik abiatuta, bakoitzaren identitatea, desirak, beldurrak… landuko dira, giza gertaera sexualean ematen diren plano ezberdinak kontuan izanda.
Sexualitatearen inguruan egon daitezkeen zalantzei bakarka, bikoteka edo taldeka erantzungo zaie.
Aretxabaletako Sexologia Aholkularitza Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko dauden aukerak hurrengoak dira:
- Lekua: Prebentzio zerbitzua (Liburutegi zaharra, 2. pisuan)
- Telefonoa: 843 98 52 46 Luz.38 Montse
- E-posta: sexologia-aholkularitza@aretxabaleta.eus
Zerbitzua honako egun hauetan emango da:
- Urtarrila: 21
- Otsaila: 4, 18
- Martxoa: 4, 18
- Apirila: 1, 15
- Maiatza: 6, 20
- Ekaina: 10, 24
- Uztaila: 8, 22