Udalak Senegalgo Mbam herrian erditze eta kontsulta gelak eraikitzen lagundu du

2022/05/26
Ospitaleak emandako materiala Senegalera bidaltzeko diru-bilketa kanpaina jarri du martxan Yaakar Elkarteak.

Aretxabaletako Yaakar Elkarteak erditze eta kontsulta gelak eraiki ditu azken urtean Senegalgo Mbam herriko osasun zentroan. GKEak proiektu hau Aretxabaletako Udalaren (baita Bergara eta Eskoriatzakoarekin batera) laguntzarekin gauzatu du, garapenerako lankidetza proiektuetarako dirulaguntzen deialdiaren barruan.

 

Proiektuaren helburu nagusia larrialdietako arreta obstetrikoa eta jaioberriena hobetzea da, osasun-piramidearen maila guztien arteko batasunaren eta lankidetzaren bidez, baita Mbam herrian inplikatutako eragileen lankidetzarekin ere.

 

Hainbat erronka lortu nahi dira:

- Amen heriotza-tasa murriztea.

- Arreta medikoa jasotzeko aukera bermatzea, bereziki egoera ahulenean dauden eta landa eremuetan bizi direnei.

- Amen osasunerako baliabideen banaketa orekatua bermatzea, hiriguneen eta landa-eremuen artean, eta baita eskualdeen artean ere.

- Osasun publikoko zerbitzua kalitatezkoa izatea.

- Landa-eremuetako osasun sistema hobetzea, Mbam herriko Osasun Planaren bidez.

Debagoieneko ospitaleak lau ohe, lau mahaitxo, bi besaulki, lau ohatila finko, ohatila hidrauliko bat, ekografo bat, hainbat altzari eta mantal berrerabilgarriak eman dizkio elkarteari. Material hori edukiontzi batean bidaltzearen gastuei aurre egiteko, diru-bilketa kanpaina jarri du abian Aretxabaletako Yaakar GKEk. Diru ekarpenak Bizum edo transferentzia bidez egin daitezke. Gainera, larunbat honetan (maiatzak 28) proiektuaren berri emango dute Txakolin Egunean.

 DIRU-EKARPENAK