Udalak migrazio doluari buruzko tailerra antolatu du
Migratzaileen ongizate emozionala hobetzea migrazio doluaren prozesuan. Horixe da Udalak apirila eta ekaina bitartean antolatu duen tailerraren helburua. Esku-hartze psikosozialean aditu den Jokin Ruiz Kortabarria piskologoak dinamizatuko ditu hiru hilabetez egingo diren hamabi saioak. Larunbatetan elkartuko dira 16:00etatik 18:00etara Ibarra kiroldegian.
Programa honen helburuak hauek dira: migrazio doluari buruzko kontzientzia hartzea erraztea; emozioak lasaitzeko gune bat eskaintzea; antsietate eta depresio mailak murriztea; orainaldia beste era batera doitzea, eta laguntza sare bat sortzea. Tailer honetan parte hartu ahal izateko baldintza batzuk bete beharko dira: gutxienez sei hilabete eramatea harrerako herrialde edo probintzian; 16 urte baino gehiago izatea; gaztelania menperatzea eta saioetan parte hartzeko konpromisoa hartzea.
14 eta 16 pertsona bitarteko talde itxiak egingo dira. Izena emateko e-maila bidali behar da myriam@aretxabaleta.eus-era.
Jon Maiarekin hitzaldi-solasaldia
Tailerraren aurretik, eta Loramendi Euskara Elkarteak antolatuta, martxoaren 17an (euskaraz) eta 24an (gaztelaniaz) Jon Maia bertsolari, idazle eta abeslariak Extremaduratik bertsolaritzara-Desde Extremadura al bertsolarismo hitzaldi-solasaldia aurkeztuko du Arkupen, 18:30etik aurrera. Maiak bere Extremadura eta Zamorako jatorriei buruzko bizipenak eta gogoetak kontatuko ditu, punta-puntako bertsolaria izatera iritsi arte.