Udalak, koronabirusaren aurrean, adineko eta babes gabeko pertsonen beharrei erantzuteko laguntza zerbitzua jarri du martxan
Koronabirusak sortutako ez ohiko egoeraren aurrean, Aretxabaletako Udalak bakarrik bizi diren adineko eta babesik gabeko pertsonen beharrei erantzuteko laguntza zerbitzua martxan jarri du. Laguntza horren bidez, beharra dutenei premiazko gauzak etxera eramango zaizkie.
Laguntza udal gizarte zerbitzuetatik kudeatuko da, eta hori eskatu edo informazioa jasotzeko 943 711 862 eta 688 644 435 telefono zenbakiak jarri dira herritarren eskura. Deiak 9:00etatik 14:00tara jasoko dira.
Boluntario gisa parte hartzeko interesa duten pertsonek Eusko Jaurlaritzak, Gurutze Gorriarekin koordinatuta, horretarako prestatu duen telefonora deitu behar dute, 945 22 22 22 edo boluntarioak@cruzroja.es helbidera idatzi.
Bestalde, COVID-19ren hedapena saihesteko Udalak hartutako neurri prebentiboen multzoaren baitan, hemendik aurrera aurrez txanda hartuta duten kontsultei baino ez zaie erantzungo. Izapideak udaletxearekin telematikoki edo telefonoz egitea gomendatzen da.
Erregistroa irekita dago, baina jaiotzei eta ehorzketa baimenei buruzko izapideak bakarrik egingo dira.
Bestalde, alarma egoera indarrean dagoen bitartean debekatuta dago kaletik zirkulatzea, honako jarduera hauek egiteko izan ezik:
1. Elikagaiak, farmazia-produktuak eta lehen beharrekoak eskuratzea.
2. Osasun zentroetara joatea.
3. Lantokira joatea.
4. Ohiko bizilekura itzultzea.
5. Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntza eta zaintza ematea.
6. Banku eta aseguru erakundeetara joatea.
7. Ezinbesteko kausagatik edo beharrizan egoeragatik.
8. Banaka egin beharreko antzeko beste edozein jarduera, salbu eta pertsona desgaituei laguntzen zaienean edo beste arrazoi justifikatu batengatik.
Udala jakitun da osasun krisi honek ekarriko dituen ondorio ekonomiko larriez, eta, zentzu horretan, gogorarazi du udalek beren baliabideak dituztela larrialdi ekonomiko egoeran gera daitezkeen pertsonei laguntzeko. Kasu horietan Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo behar da.