Udalak hileko bonoen kopurua handitu du tokiko kontsumoa sustatzeko

2020/05/28
Atxabaltar gehiagori erosteko aukera emateaz gain, herriko negozioetan eragin ekonomiko handiagoa izatea da helburua. Hilean 1.300 bono aterako dira: 50 euroko taloitegietan mila kupoi jarriko dira salgai; erosleak 40 euro ordainduko ditu, eta gainerako 10ak Udalak ipiniko ditu. 300 bono gehiago bost euroko taloitegietan salduko dira. Datorren astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dira Arkupen.

Aretxabaletako Udalak hilean 50 euroko taloitegietan 350 erosketa bono gehiago jarriko ditu salgai, horrela milara iritsiz. Merkataritza, ostalaritza eta negozio txikietan kontsumoa bultzatzeko ekimenak izan duen arrakastaren ondoren, Udalak bono kopurua handitu nahi izan du, batetik, herritar gehiagori erosteko aukera eskaintzeko, eta bestetik, tokiko establezimenduek diru-sarrera gehiago izan ditzaten.

Horrela, 50 euroko taloitegietan 650 bono atera beharrean, mila aterako dira, baina aldaketa batzuekin. 40 euro ordainduta (eta ez 35), erosleak 50 euro erabili ahalko ditu bost euroko hamar txarteletan banatuta, 10 euro aurrezteko aukera emanez. Udalak kostuaren %20 ordainduko du (%30 beharrean). Aldaketa horrekin kanpainari atxikitako negozioetan hilean 50.000 euro mobilizatzea espero da; martxoan, berriz, 32.500 euroko eragin ekonomikoa lortu da ekimen honen bidez.

Bestalde, 50 zentimoko hamar txartelez osatzen duten bost euroko taloitegitik 300 bono ateratzen jarraituko da hilean. Bono bakoitzagatik lau euro ordainduko ditu erosleak (3,5 euro beharrean), eta euro gehigarri hori Udalak ipiniko du. Kasu honetan, 16 urtetik beherakoei zuzenduta daude.

Bonoak astelehenetik aurrera salduko dira Arkupen, 9:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Urte amaierara arte, abuztuan izan ezik, hilean 1.300 txartel jarriko dituzte salgai.

Oraingoz, 87 negoziok bat egin dute ekimenarekin: arropa dendak, harategiak, ile-apaindegiak, estetika zentroak, okindegiak, optikak, lurrindegiak, zapata dendak, gozoki dendak, aurrez prestatutako janaria, fruta dendak, tabernak, jatetxeak, elektrizistak, estankoa, prentsa eta erloju denda, besteak beste.