Udalak herritarren ekarpenak gehitu dizkio animaliak edukitzeari buruzko ordenantzari

2020/05/29
  • Araudia eguneratzeko abian jarritako prozesuak hogeita hamar proposamen indibidual eta kolektibo bildu ditu.
  • Ordenantza ekainaren erdialdera egingo den osoko bilkurara eramango da, hasierako onarpena emateko. Ondoren, jendaurrean jarriko da behin betiko oniritzia eman aurretik.

Herritarrek 32 ekarpen aurkeztu dituzte Udalak animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza eguneratzeko abian jarritako parte-hartze prozesura. Udal ordezkariek eta teknikariek aztertu ondoren, atxabaltarrek egindako proposamen batzuk araudian sartu dira. Ordenantza ekainaren erdialdean ospatuko den Osoko Bilkurara eramango da.

Bide publikoan animalien eta pertsonen ongizatea eta bizikidetza hobetzeko asmoz, udal ordenantza berrituko da. Testuak berrikuntza gisa, katuei edo usoei kalean jaten emateko debekua eta txakurren gorozkiak jasotzeko poltsak eramateko betebeharra ezartzen ditu.

Apirilaren amaieratik maiatzaren erdialdera arte, herritarrek 30 bat ekarpen aurkeztu dituzte, modu pertsonal eta kolektiboan, aipatutako araudia hobetzeko. Onartu diren proposamen nabarmenenak, kasu askotan errepikatuak, honako hauek dira:

  1. 5.artikulua. Debekatuta dago etxeko animaliek iturrietatik zuzenean edatea, eta baita bertan bainatzea ere.
  2. 24.artikulua (Animaliak leku publikoetan). Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzearen Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean xedatutakoa bete beharko da.
  3. 26.artikulua. Animaliak leku desberdinetan sartzeko debekua arautzen du. B atalak zehazten du ezingo direla eraikin publikoetan eta administrazio bulegoetan egon.
  4. 32.artikulua.Txakurren gorotzak errefusa jasotzeko zakarrontzietan utz daitezkeela zehazten da, baldin eta inguruan gorozkientzako paperontzirik ez badago.

Bestalde, felinoen koloniak kudeatzeko eta katuak babesleku seguru batera eramateko espazio bat prestatzeko proposamenak baztertu egin dira. Iradokizun horiek aztertu dituen batzordearen ustez, ordenantzan ezarritakoaren "kontra" doaz. Mota desberdinetako beste hamar ekarpen dagoeneko jasota daude animaliak edukitzeari buruzko udal araudiaren zirriborroan.

Txarapea inguruan proiektatutako txakurren aisialdirako eremuak nola funtzionatuko duen ezartzen du araudiak. Horri dagokionez, hainbat atxabaltarrek uste dute beharrezkoa dela Udalak eremu hori egokitzeko planteatutako 900 metro koadroko azalera handitzea, eta txakurrak gozatzeko hainbat elementuz hornitzea ere proposatu dute. Ekarpen horiek arretaz aztertuko dira txakurren aisialdirako gunea egokitzeko unea iristen denean.

Txakurrek sartzea debekatuta duten lekuetan seinale egokiak jarriko dira.

Udalak datozen egunetan prozesuan parte hartu duten herritarrei erantzungo die. Ordenantza ekaineko Osoko Bilkurara eramango da, eta hasierako onespena eman ondoren, jendaurrean jarriko da alegazioak aurkeztu ahal izateko, behin betiko oniritzia eman baino lehen.

ALDAKETA ESANGURATSUENAK

Ordenantza behin betiko onartzen denean, Udalak egindako aldaketak indarrean sartuko dira. Hauek dira esanguratsuenak:

  1. 3.artikulua. Animalia basatien eta eduki ahal izateko baldintza bereziak dituzten txakurren definizioak gehitzen dira.
  2. Animaliak behar bezala babesteko 9. artikuluan, animalia basatientzako janaria bide publikoetan uzteko debekua jasotzen da.
  3. 20.artikuluak salaketa bat jaso duten txakurrak kolore gorriko plaka batekin identifikatu behar direla ezartzen du.
  4. 26.artikuluak txakurra lotzeko luza daitezkeen uhalak erabiltzea debekatzen du.
  5. 33.artikuluak txakurren gorotzak bide publikotik jasotzeko poltsak eramatea nahitaezkoa dela zehazten du.
  6. 34.artikulua berria da, eta txakurren aisialdirako guneak arautzen ditu.
  7. Arau-hausteei buruzko 38.artikuluan honako kasu hauek gehitzen dira: gorozkiak uzteko poltsak ez eramatea, animaliak bide publikoan elikatzea eta txakurrentzako aisialdi-eremua erabiltzeko arauak urratzea.
  8. Arau-hausteei dagokienez, arinak 60 eta 600 euro artean daude (gaur egun 43 eta 431 euro artean), eta larriak 600 eta 2.156 euro artean ordainduko dira (une honetan, 431 eurotik 2.156 eurora). Arau-hauste oso larriak ez dira aldatzen, eta 2.156 eurotik 21.565 eurora arteko zigorrak ezarriko zaizkie.