Udalak jubilatu ostean bizi proiektua lantzeko programa bat jarriko du abian

2023/03/23
Apiriletik ekainera arte eskainiko da, pertsona nagusien ahalduntzea sustatuko duten zortzi saiotan. Izen-ematea, doakoa, martxoaren 27tik apirilaren 19ra egongo da zabalik.

Jubilatu eta gero, zer egin dezaket?; zeintzuk dira aukerak?; non eman ditzaket lehen lanean ematen nituen orduak?... Galdera horiei eta beste askori Udaleko Gizarte Zerbitzuek apiriletik ekainera bitartean antolatu duten Bizi proiektua lantzeko tailerretan erantzungo zaie.

Pertsona nagusien autonomia eta zahartze aktiboa sustatzen espezializatua dagoen Bizipoz kooperatiba arduratuko da programa hau gidatzeaz. Bertan, parte-hartzaileek jubilatu ondoren eguneroko zereginari asetu eta zentzua emango dion bizi proiektuari helduko diote. “2022an hainbat hitzaldi eskaini ziren, bakardadea, rol sozialaren galera edo zahartzaroaren krisia bezalako gaiak jorratuz. Teoria horretatik ekintza praktikoetara jauzi egiteko, programa hau jarriko da abian, zahartzea eta lan-bizitzaren amaiera aukera gisa ikusten eta ulertzen lagunduko duena”, adierazi du Gizartegintza zinegotzi den Karmele Uribarrik.

Horrela, ordu eta erdiko iraupena duten zortzi saiotan “ pertsona nagusien ahalduntzea sustatuko da, banakako hausnarketa eta ariketa praktikoak batzen dituzten dinamiken bidez”, zehaztu du tailerrak gidatuko dituen Olatz Campos psikologoak. Gaineratu du, halaber, helburua parte-hartzaile bakoitzak bere bizi proiektua diseinatzea izango dela, “jubilatu ostean bizitzako arlo desberdinetan emandako aldaketak jorratuz”.

Horrela, honako esparru hauek landuko dira: garapen pertsonala, familia, lagunak, lanbidea (nire lan-esperientziatik abiatuta, nola lagun diezaioket gizarteari?), maitasuna, osasuna, aisialdia edo ekonomia.

Hamabost partaideko taldea

Doako programa honetan izena emateko epea datorren astelehenetik (martxoaren 27a) apirilaren 19ra arte egongo da zabalik Udal Gizarte Zerbitzuen bulegoetan (943 71 18 62). Gehienez 15 partaide izango dituen talde bat eratuko da.

Saioak zortzi astez jarraian egingo dira, astearteetan: apirilaren 25ean; maiatzaren 2an, 9an, 16an, 23an eta 30ean, eta ekainaren 6an eta 13an, 10:00etatik 11:30era, Arkupeko bigarren solairuan. Gaztelaniaz emango dira.