Udalak ekintza plana zehaztuko du merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko

2022/05/13
Bi bilera egingo dira maiatzaren 17an eta 31n, diagnostikoa osatzeko eta aurrera begirako ildo nagusiak adosteko.

Herriko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen egoera hobetzeko eta erabilera sustatzeko helburuarekin, Udalak ekintza plana diseinatuko du. Horretarako, datozen egunetan hainbat bilera egingo dira inplikatutako eragileekin.

Proiektu honen abiapuntua merkataritzan eta ostalaritzan euskararen egoera nolakoa den jakiteko 2020. urtean egin zen diagnostikoa da. Azterlan horretan, Aretxabaletako establezimenduen %75ek parte hartu zuten; 72 guztira. 228 langileren datu soziolinguistikoak bildu ziren.

Udalak, Euskara zerbitzuen bitartez, Elhuyar Aholkularitza kontratatu zuen plan hau aurrera eramateko, 16.000 euroko aurrekontuarekin. Hala ere, pandemiak nolabait geldiarazi egin zuen orain berriz hasiko den prozesua.

Beraz, plangintza eraginkor bat zehazteko, egindako diagnostikoa partekatu eta osatuko da. Horretarako, lehenengo bilera datorren 17an burutuko da Arkupen, 15.00etatik 16:30era. Merkataritza eta ostalaritzako 18 ordezkariri egingo zaie deialdia bertan parte hartzeko. Bigarren saioa, ordea, maiatzaren 31n izango da (leku eta ordutegi berean) eta, kasu honetan, aurrera begirako ildo nagusiak adostuko dituzte.

Zeharkako helburuak:

  1. Gogoeta-prozesu bat egitea, sektore horietan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko.
  2. Herriko merkatariek eta ostalariek haien sektorean euskararen normalizazioaz gogoeta egitea eta jokatzen duten rolaz jabearaztea.
  3. Euskara indartzeko plangintza eta proposamen zehatzak adostea.
  4. Herriko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen egoera hobetzea.

Diagnostikoaren datu batzuk:

  1. Egindako galdetegiari erantzun zioten langileen %88k aitortu du ondo edo erdizka modaltzen dela euskaraz, eta elkarrizketak euskaraz mantentzeko gai dela. Zehatzago adierazita:
    1. Euskaraz ondo moldatzen da langileen %72.
    2. Euskaraz erdizka moldatzen da langileen %16.
    3. Euskaraz ez daki langileen %12.
  2. Errotuloak: %74 euskaraz daude; %8 gaztelaniaz, eta %18 elebitan.
  3. Tiketa: %53 euskaraz daude; %14 gaztelaniaz, eta %33 elebitan.
  4. Menua: %14 euskaraz daude; %29 bakarrik gaztelaniaz, eta %57 elebitan.
  5. Sare sozialak: Elementuen %21 euskaraz daude; %22 bakarrik gaztelaniaz, eta %57 elebitan.
  6. Ahozko harremanak: %51k dio euskaraz izaten direla; %25ek elebitan, eta %24k gaztelaniaz. Lehenengo hitza %74k euskaraz egiten du. %49k bezeroekin euskaraz egiten du.