Udalak diru-laguntza zuzenak emango dizkie ostalariei
. Helburua enpleguari eta jarduerari eusten laguntzea da
. 300 euro emango zaizkio establezimendu bakoitzari, eta 600 euro plantillako langile autonomo bakoitzeko. Soldatapeko langileen kasuan, azaroko Gizarte Segurantzako kuota ordainduko da, 600 euro gehienez
Udalak ezohiko diru-laguntza lerro bat jarri du martxan ostalaritzako enpleguari eta jarduerari eusten laguntzeko, sektorearen itxierak eragindako galerak arintzeko helburuarekin.
60.000 euroko partida bat onartu du Udalak laguntza hauek bideratzeko, eta honela emango dira:
- Establezimendu bakoitzak 300 euroko zenbateko finkoa jasoko du.
- 600 euro ostalaritza lokaleko plantilla osatzen duen langile autonomo bakoitzeko.
- Soldatapeko langile bakoitzeko, azaroari dagokion Gizarte Segurantzako kuotaren kostua hartuko du bere gain Udalak, 600 euroko mugarekin.
Udalerrian erroldatuta dauden 28 ostalariza lokalek eta bi ostatuk jaso ahal izango dituzte ezohiko diru-laguntza hauek. Baldintza batzuk bete beharko dituzte:
- Enpresaren jarduera eten behar izatea, 38/2020 Dekretuan aplikatutako neurrien ondorioz.
- Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan alta emanda egotea Aretxabaletan, 2020ko azaroaren 6rako.
- Norberaren konturako langile edo autonomoen kasuan, alta emanda egotea 2020ko azaroaren 6rako.
- Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean edo dagokion Mutualitatean alta emanak egotea, 2020ko azaroaren 6a baino lehen.
- Alarma egoera amaitutakoan, lan jarduerari berriro ekitea edo horri eustea, eta alta egoeran egotea gutxienez hilabetez, alarma egoera amaitzen denetik zenbatzen hasita.
Laguntza hauek atzo onartu ziren Gobernu Batzordean, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, abenduaren 31ra bitartean aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
Zaborraren tasaren laugarren hiruhilekoa ordaintzetik salbuetsita
Udalak ostalaritzari laguntzeko beste neurri batzuk ere hartu ditu. Horrela, aurten bezala, datorren urte osoan ez da kobratuko terrazen tasa.
Gainera, ostalaritza establezimenduak zaborraren tasa ordaintzetik salbuetsita egongo dira aurtengo laugarren hiruhilekoan. Horretarako, Ordenantza Fiskalak aldatuko dira hurrengo Osoko Bilkuran. 2021ean, aldiz, tasa horren hiruhileko ordainagiriaren %50 ordainduko dute (dendek eta gainerako zerbitzuek bezala). Ura kontsumoaren arabera ordainduko dute.
Bestalde, Udalak 2021eko aurrekontuetan terrazak egokitzeko inbertsioei laguntzeko diru-laguntza lerro bat sartzea aurreikusi du. Datorren Osoko Bilkuran terrazen udal ordenantzari hasierako onarpena emango da.