Udalak bilera batera deitu ditu gazteak emantzipaziorako laguntzak aztertzeko

2021/06/10
Ekainaren 17an egingo den saioan Udalaren proposamena aurkeztuko da eta gazteen beharrak jasoko dira, dirulaguntzen oinarriak zehazten joateko. Etxebizitzen alokairurako laguntzak izango dira, eta 18 eta 35 urte bitarteko gazteek eskuratu ahal izango dituzte.

Aretxabaletako Udala gazteei etxebizitza baterako sarbidea errazteko alokairurako laguntza programa bat abian jartzeko lanean ari da. 18 urtetik 35 urtera arteko herritarrek emantzipatzen laguntzea eta etxebizitzen alokairua bultzatzea izango dira dirulaguntza hauen helburuak.

"Horrelako laguntzak emateko lanean ari gara. Etxebizitza eskuratzea da gazteek emantzipatzeko orduan duten oztoporik garrantzitsuenetako bat, eta, horregatik, Udalak, udal-eskumenen esparruan, programa bat bultzatu nahi du alokairuan bizitzeko gurasoen etxea uzten duten gazteei laguntzeko”, azaldu du Xabi Otxoa zinegotziak.

Dirulaguntzen programa hau diseinu-fasean dago. Udalak beste herri batzuetan ezarrita dauden horrelako hainbat laguntza-lerro kontsultatu ditu, baina herriko errealitatera egokitzeko asmoz, datorren ekainaren 17an bilera bat egingo da Arkupen, gazteen beharrak jasotzeko eta, ahal den neurrian, deialdiaren oinarrietan txertatzeko. Bilera interesa duten guztientzat irekita dago eta 18:30ean hasiko da. Edukiera kontrolatzeko esteka honetan izena ematea gomendatzen da:

IZENA EMAN

Emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtekoa da

Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako ikerketa baten arabera, 2019an 18 eta 34 urte bitarteko Euskal Herriko biztanleriaren %36 emantzipatuta zegoen. Europar Batasunarekin alderatuz gero, non gazteen emantzipazioaren batez besteko adina 25,9 urtekoa den, EAEn 30 urtera arte atzeratzen da (30,1 2015ean; 30,4 2017an; eta 30,2 2019an).

Datu zehatzik ez dagoen arren, Udalak ez du uste Aretxabaletako errealitatea EAEn dagoen egoera orokor horretatik oso urrun dagoenik. Horregatik, dirulaguntzen deialdi bat egiteko oinarriak lantzen ari da, gurasoen etxetik irtetea erabakitzen duten gazteei etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko.

Laguntzen deialdia datorren urtean abiatuko da

Datorren astean egingo den bilera dirulaguntza horiek emateko baldintzak zehazteko prozesuaren beste urrats bat izango da (besteak beste, alokairuaren gehieneko prezioa eta laguntzaren zenbatekoa aztertuko dira). Laguntza horien deialdi publikoa datorren urtean jarriko da martxan.

Programa herriko gazteei zuzenduta dago, eta laguntza horiek banaka edo bizikidetza-unitate gisa eskatu ahal izango dituzte. Hasiera batean, alokairu kontratuak ezin izango du hamabi hilabete baino gutxiagoko iraupena izan. Urteko diru-sarrera gordinak 28.000 eurotik gorakoak ez izatea planteatzen da pertsona bakar batentzat, eta 44.000 eurotik gorakoak bizikidetza-unitatearentzat.