Udalak azaroaren 25aren inguruko ekintzak antolatu ditu herritarrak emakumeenganako indarkeriaren aurka sentsibilizatzeko

2021/11/19
Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Edurne Pasabanen ‘Chhaupadi’ dokumentala proiektatuko da gaur eta hilaren 26an Arkupen. Azaroaren 28an ‘Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean’ antzezlana taularatuko dute. Lan horrek Lorcaren klasikoa jorratzen du genero-begirada batetik; aldarrikapen feministarekin.

Udalak, Berdintasun Sailaren bitartez, hainbat ekintza antolatu ditu Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan. Prestatutako ekitaldien bidez, gizartea emakumeenganako edozein indarkeria mota desagerrarazteko lanean jarraitu beharraz sentsibilizatu nahi da.

Hala, azaroaren 19an eta 26an, Nepalgo emakumeei ahotsa jartzen dien Edurne Pasaban alpinista tolosarraren Chhaupadi dokumentala proiektatuko da Arkupeko pantaila handian. Chhaupadi antzinako tradizio hindu bat da, duela hamarkada bat baino gehiagotik legez kanpokoa, Nepalgo mendebaldean, Indiako mugan, praktikatzen jarraitzen dena. Ohitura honek emakumeak komunitatetik banarazi egiten ditu hilerokoarekin dauden bitartean eta txabola batean egotera behartzen ditu.

Lan honetan, Edurne Pasaban Nepalgo lau emakumerekin Saipal mendira -7.031 metro- egindako espedizio baten buru da. Erlijio hinduistaren kultura matxista eta tradizionalagatik protesta egitea erabaki dute, besteak beste, mendiak eskalatzea eragozten dielako. Emanaldia gaztelaniaz izango da (18:30ean), eta sarrerak hiru euro balio du.

Azaroaren 28an, berriz, Zaraia aretoak Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean antzezlana hartuko du; umore ukituak dituen drama, musikal grotesko eta poetikoa, Federico Garcia Lorcaren La casa de Bernarda Alba antzezlanean oinarritua. Nerea Ariznabarreta eta Irene Hernando dira Naita produkzioak-en proiektu honen protagonistak. Lan honek genero ikuspegitik lantzen du Lorcaren klasikoa, aldarrikapen feminista eginez. Hitzordua 19:00etan izango da (lau euro).

Adierazpen instituzionala

Udal talde politikoez osatuta dagoen Berdintasun Batzordean adostutako adierazpen instituzionalean Udalak "emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak" gaitzesten ditu, eta "emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz aurrera egiteko lanean jarraitzeko konpromiso irmoa" berretsi du. Mugimendu feministak azaroaren 25erako deitu dituen mobilizazioekin bat egin du Udalak. Egun horretan puntu more bat eskegiko dute udaletxeko balkoian.

Bestalde, udaletxeko hainbat sailek, herriko eragile desberdinekin elkarlanean, nerabeen eta gazteen arteko indarkeria matxistaren aurkako protokoloa sortu dute. Duela gutxi aurkeztu da eta norabide horretan lanean jarraitzeko oinarria izango da.