UDALAK ABIAN JARRI DU KOMENTU ZAHARREKO TABERNAREN LIZITAZIOA

2025/04/11
Aretxabaletako Udalak, ostegun arratsaldean egin den osoko bilkuran, onartu ditu komentu zaharreko tabernaren lizitaziorako oinarriak. Udal Gobernuak azpimarratu du prozesua berme guztiekin egin dela, zerbitzuak arrakasta izan dezan eta herritarrentzako gune garrantzitsu bihur dadin.

Lizitazioaren oinarriak zehaztu aurretik, bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlan bat egin zen, tabernak baldintza horietan funtzionatuko duela ziurtatzeko. Lizitazioa datozen egunetan argitaratuko da, eta kontratua uda baino lehen formalizatzea aurreikusten da. Lizitazio horrek, 4.000 euroko gutxieneko kanona aurreikusten du esleipendunarentzat, eta aurkeztutako eskaintzetan hobetu ahal izango da.

Tabernak 200 metro karratutako azalera du eta mahaiak, aulkiak eta kafetegi zein sukaldeko tresna guztiak ditu. Esleipenduna aukeratutakoan, martxan jartzeko beharrezkoa den gainerako tresneria erosiko da.

Udal Gobernuak azpimarratu du, garrantzitsua dela zerbitzu honek arrakasta izatea; izan ere, etorkizunean Aretxabaletan garatuko den zaintza-ekosistemaren zutabeetako bat izango baita. Bakarrik bizi diren pertsonentzako topagune bat izango da, behar duenarentzako zerbitzu bat eta belaunaldien arteko lotura bat.

Ildo horretan, komentuko taberna herriko gune dinamiko eta inklusiboa izatea da helburua, belaunaldien arteko topaleku, familientzako gozagune eta kultur eta herri ekitaldietarako erreferente bilakatuz.

Hala ere, begien bistakoa da herriko erretiratuek harremanak ehuntzeko eta sustatzeko leku bat izango dutela. Horregatik, lizitazioaren oinarrietan jasota dago esleipendunak kolektibo horrentzako zenbait kontsumiziotan %20ko deskontua aplikatzeko betebeharra izango duela. Udalak, adinekoen ongizatea sustatzeko helburuarekin, 15.000 euro ordainduko dizkio urtean esleipendunari deskontu horren ondorioz.