Udalak 54.000 euro baino gehiago banatu ditu 32 ostalaritza lokalen artean
. Zuzeneko diru-laguntza hauen helburua enpleguari eta jarduerari eusten laguntzea da
Aretxabaletako Udalak 54.000 euro baino gehiago eman dizkio ostalaritzari, enplegua eta jarduera mantentzeko diru-laguntzen lerro berriaren barruan. Guztira, 32 eskabide aurkeztu dira abenduaren amaieran abian jarritako deialdira.
Pandemiaren bigarren olatuarekin taberna eta jatetxeek pertsiana bota behar izan zuten berriro, Eusko Jaurlaritzak azaroaren 6an itxiera agindu ostean. Sektoreari eragindako galerak arintzeko, Udalak zuzeneko laguntzak jarri zituen martxan, eta honela banatu dira:
- Eskabidea izapidetu duten 32 ostalaritza establezimenduetako bakoitzari 300 euroko zenbateko finkoa eman zaio.
- 600 euro plantilla osatzen duen langile autonomo bakoitzeko: ostalaritzako lokal horietako 20k langile autonomo bat dute; zortzik, bi; hiruk, hiru langile; eta batek, lau.
- Soldatapeko langile bakoitzeko, azaroari dagokion Gizarte Segurantzako kuotaren kostua hartu du bere gain Udalak, 600 euroko mugarekin: zazpi eskaera soldatapeko langile bat duten lokalenak dira; bostek bi dituzte; hiruk, hiru; batek, lau; bik, bost; eta hamalauk ez dute soldatapeko langilerik.
Diru-laguntza gehienak dagoeneko ordaindu dira. Emandako laguntzak 900 eta 3.500 euro artekoak izan dira negozio bakoitzeko.
Lokalak egokitzea
Bestalde, Udalak diru-laguntzen bigarren deialdi bat egingo du merkataritza eta ostalaritza lokalak koronabirusaren aurkako prebentzio eta higiene neurrietara egokitzeko inbertsioak babesteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak 25.600 euro esleitu zizkion Udalari, eta horietatik 6.000 euro baino zertxobait gehiago banatu dira onartutako 14 eskaeren artean. Guztira, 16 eskaera aurkeztu ziren azaroan (horietako bik ez zituzten baldintzak betetzen). Gainerako 19.000 euroak establezimenduetan egiten diren egokitzapenei laguntzeko ere erabiliko dira.