Udalak 407 Led luminaria berri jarri ditu urtean argindarraren %76,09a aurrezteko

2019/11/11
Energia kontsumoa murriztea eta argiteria publikoa hobetzea dira helburuak. Led sistemara aldaketa dagoeneko %50ko kaleko argietan eginda dago.

Energia eraginkortasunaren bideari helduta, Aretxabaletako Udala hainbat hobekuntza egiten ari da herriko kale argiztapenean. Orain dela aste batzuk hasitako lanei esker, 407 sodio lurrinezko argi puntu aldatuko dira, Led teknologia duten argi berriengatik ordezkatuz.

Tecuni enpresa herriko hamabi bat puntu desberdinetan aldatzen ari da argiak: Otalora kalea, hilerriko bidea, Santa Kurtz (bidegorri eta pilotalekua), Basabe eta Bainuetxe poligonoak, Araba ibilbidea, Gipuzkoa plaza, Gernika plaza, Errekabarren kalea (baita erreka ondoko pasealekua), Murubide, Bedarretako San Migel auzoa eta Loramendi kalea. Horrela, argiteria publikoa nabarmen hobetuko da eta potentzia gutxiago behar duten argiak izanik, energia kontsumoa %76,09 jaitsiko da urtean (266.558 Kw ordutik 57.036 Kw ordura pasatuko da). Horrekin batera, elektrizitate gastuan ere aurrezki garrantzitsua lortuko da, bataz beste %76,09koa hain zuzen.

Udalak 215.148 euroko laguntza jaso du Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundetik (IDAE) lan hauek aurrera eramateko. Erakunde horrek, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren bitartez, herriko argiteria berritu eta hobetzeko hamar urteko interesik gabeko mailegua eskaintzen du. Hala ere, aldaketekin lortuko den energia kontsumo eta elektrizitate gastuaren aurrezkiarekin, bost-sei urtetan amortizatuta izatea aurreikusten du Udalak.

Unai Elkoro alkateak adierazi duenez, kale argiztapenean eraginkortasuna hobetzea eta elektrizitate kontsumoa murrizteaz gain, “argiteriaren egoera hobetu nahi dugu, herriko puntu beltzei irtenbidea ematea lehenetsiz, herritarren segurtasun eta ongizatea bermatzeko”. Aldi berean, ingurumenari eragindako kalteak murrizten lagunduko dute bukatzear dauden aldaketek.

63.000 EURO AURREZTUKO DIRA URTEAN

Lan hauek faseka burutu ditu Udalak. Izan ere, IDAEk eskaintzen duen laguntzaren bitartez, orain dela bi urte beste 408 argi puntu led sistemarekin hornitu zituzten. Markole auzoan, Loramendi, Aralar eta Gorbeia kaleetan, Belorrietan, Errekabarren, Mitarte kalean eta bidegorrian (Arrasate eta Eskoriatzaraino) egin zituzten aldaketak, besteak beste. Bi fase horiek –oraingoa eta 2017an egin zena- elektrizitate gastuetan 63.000 euro inguruko aurrezkia ekarriko dute urtean.

Herrian 1.570 argi puntu daude eta egindako aldaketei esker, %50ek Led sistema dute.