Udalak 3.000 euroraino finantzatuko ditu ostalaritza establezimenduetako terrazetan egindako inbertsioak

2021/07/07
Gune horiek pandemiaren aurkako prebentzio neurrietara egokitzeko egindako gastuen %30 arte estaliko da gehienez. Inbertsioak 2020ko martxoaren 14tik aurtengo urriaren 29ra bitartean egin behar dira; azken egun honetara arte aurkez daitezke eskaerak.

2021eko uztailaren 6a.

Aretxabaletako Udalak ostalaritzari laguntzeko programa berri bat jarri du abian, terrazak pandemiaren aurkako prebentzio neurrietara egokitzeko sektoreak egin behar izan dituen gastuak arintzeko. Egindako inbertsioaren %30era arte finantzatuko da, eta gehienez 3.000 euro emango dira negozio bakoitzeko.

Zuzeneko dirulaguntzen programa horretarako 90.000 euroko partida bideratu du Udalak, 2021eko aurrekontuetan jasotakoa. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta urriaren 29an amaituko da.

Laguntza hauek ostalaritza jarduerek jasoko dituzte eta baita sektore horretakoak izan gabe terraza zerbitzua dutenek ere. Diruz lagunduko dira pandemiaren ondorioz egindako inbertsioak, zehazki, 2020ko martxoaren 14tik 2021eko urriaren 29ra bitartean egindako erosketak edo moldaketak: hala nola, toldoak, eguzkitakoak, jaimak, berogailuak eta bestelako altzariak.

Beste laguntza batzuk azken urtean
Covid-19aren pandemiak ostalaritza sektorea astindu du. Udalak hainbat neurri hartu ditu osasun krisiak taberna eta jatetxeetan izan duen eragin ekonomikoa murrizteko. Horrela, jarduerari eta enpleguari eusteko dirulaguntzak eman ziren; 2020ko bi hiruhilekoren baliokidea zen zaborraren tasa ez zitzaien kobratu, eta terrazen tasa kendu egin zen iaz, baita 2021ean ere. Gainera, bide publikoa terrazekin okupatzeko lehenengo udal ordenantza onartu da.

Oinarriak hemen.