Udal zergak eta tasak 2021erako izoztea onartu du Udalbatzak
. Salbuespen gisa, zaborraren ordainagiria %5 garestituko da, zerbitzuaren kostuak estaltzen jarraitzeko
. Terrazen tasa ez da datorren urtean kobratuko
Oro har, udal zerga eta tasetan ez da igoerarik izango 2021ean. Udalbatzak atzo egindako osoko bilkuran urtarrilaren 1ean indarrean sartuko diren Ordenantza Fiskalak onartu zituen.
Udal Gobernuak aurkeztutako izozte proposamenak, EH Bilduren babesarekin, “presio fiskal gehiagorik ez egitea” du helburu, koronabirusaren pandemiaren ondorioak kontutan hartuta.
Ez igotzeko irizpide horren barruan sartzen dira OHZ (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga), Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, eta Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Zerga. Kiroldegiko tasetan eta uraren fakturan ere ez da aldaketarik izango.
Igoera bakarra zaborraren ordainagirian emango da, zergadunek %5 gehiago ordainduko baitute. Igoera hori azken urteetako ehuneko berean mantendu da, zerbitzuak Udalari eragiten dizkion kostuak estaltzen joateko.
TABERNEK, DENDEK ETA GAINERAKO ZERBITZUEK ZABORRAREN TASAREN %50 ORDAINDUKO DUTE
Terrazen tasa ez da 2021ean kobratuko. Horrela, luzatu egingo da maiatzean hartu zen neurria, koronabirusa ostalaritza-sektorean izaten ari den eragina arintzeko. Helburu berarekin tabernek, dendek eta gainerako zerbitzuek zaborraren hiruhileko ordainagiriaren zenbatekoaren %50 ordaintzen jarraituko dute.
Bestalde, EH Bilduk proposatuta, OHZn %50eko hobaria aplikatuko da teilatuetan eguzki-plakak jartzean. Laguntza 1.000 euro izango da partikularrentzat, eta 3.000 euro komunitate edo negozioen kasuan. Gehienez ere, egindako inbertsioaren %50 estaliko da.