Udal zerga eta tasetan %3,3ko igoera orokorra onartu du Udalbatzak 2022rako

2021/10/22
Salbuespen gisa, zaborraren tasak % 5eko igoera izango du. Bi urtez etenda egon ondoren, terrazen tasa berriro kobratuko da datorren urtean.

Udal zerga eta tasek % 3,3ko igoera orokorra izango dute 2022an, abuztuko urte arteko KPIaren baliokidea. Udal Gobernuak eta EH Bilduk oniritzia eman diete datorren urteko urtarrilaren 1ean indarrean jarriko diren Ordenantza Fiskalei, eta behin betiko onartu baino lehen jarriko dituzte jendaurrean.

Igoera orokor horren barruan sartzen dira OHZ (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga), EIOZ (Eraikuntzak, Instalazioak eta Obrak), EJZ (Jarduera Ekonomikoak) eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga, uraren tasaz eta kiroldegiko tarifez gain. Zaborraren ordainagiria izango da salbuespena, %5 gehiago kostatuko baita; azken urteetan aplikatzen ari den igoera bera, "zerbitzuaren kostuak estali arte".

Bestalde, pandemiak ostalaritzaren sektorean izan dituen ondorioak arintzeko azken bi urteetan etenda egon den terrazen tasa berriro kobratuko da. Gainera, tabernek, jatetxeek eta dendek zaborraren tasa %100ean ordainduko dute berriro datorren urtean (kuotaren erdia ordaintzea hartu zen laguntza-neurri gisa).