Udal tasak eta zergak %0,5 igoko dira 2020an
Udal tasak eta zergak KPIaren arabera igoko dira 2020an. Irizpide orokorra iraileko urtetik urterako EAEko (Euskal Autonomia Erkidegoa) KPIa aplikatzea da, hau da, %0,5eko igoera. Ordenantza Fiskalak atzo egindako osoko bilkuran onartu zituen Udal Gobernuak. EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen.
Igoera orokor hau udal tasa, zerga eta prezio publiko gehienetan aplikatuko da: Ondasun Higiezinen gaineko zergan, Eraikin, Instalazio eta Obren gaineko zergan, eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergan, besteak beste.
Salbuespenen artean, zaborraren tasa dago. Azken urteetako ildoari eutsiz, %5eko igoera izango du, “zerbitzuaren kostuak estaldu arte”, adierazi zuen Unai Elkoro alkateak. Beraz, aretxabaletarrek urtean 127 euro ordainduko dituzte zaborraren tasarengatik, gaur egungo 121,15 euroekin alderatuta.
Uraren tasari dagokionez, %2 garestituko da, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak agindutakoari jarraituz.
EH Bilduk bi enmendakin aurkeztu zituen. Horietatik bat onartu zen: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergan, %80ko hobaria aplikatzea etxebizitzetan A motatako ziurtagiria lortzeko birgaikuntza energetikoa egiten diren obretan. Energia eraginkortasunaren B motako ziurtagiria lortzeko egiten diren obretan eta instalazioetan, hobaria %50ekoa izango da.
Eguzki plakak jartzeko diru laguntzak ematea Ondasun Higiezinen gaineko zergan ere proposatu zuen EH Bilduk, baina ez zen onartu.