Tomatearen azoka berezia irailaren 11n ospatuko da
Aretxabaletako tomateari eskainitako programaren seigarren edizioak badu eguna. Irailaren 11n Durana kaleak hartuko du “baratzeko erregea” protagonista izango duen azoka berezia. Hogei bat erakustokik, gehienak eskualdetik etorriak, goizeko ordutegian bisitatu ahal izango den feria girotuko dute.
Marc Badal-en eskutik, Haziak atera denon artean. Hazilana tailerrean parte hartzeko aukera egongo da. Honekin batera, tomaterik itsusiena eta barietate handiena eskaintzen duen postua sarituko duten lehiaketak ere antolatuko dira.
Gainera, ostegunetik igandera -irailaren 8tik 11ra- tomatea izango da herriko hainbat taberna eta jatetxetan dastatu ahalko diren pintxoen osagai nagusia.
Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Saila, Deba Garaia Landa Garapen Elkartea eta Aretxabaletako Udala dira bultzatzaileak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Ekimen honen bidez, bertako produktuak oinarri moduan hartuta gastronomia turismoa bultzatu nahi da, baita ekitaldiak antolatzea ere, eragile desberdinen lankidetzarekin.
Lehiaketen oinarriak:
Parte hartzeko oinarriak honako hauek dira:
- Debagoieneko edonork har dezake parte.
- Parte hartzeko aurrez izena eman behar da irailaren 8a baino lehen, e-mailez (infoturismo@debagoiena.eus), edo Arkupen.
- Irailaren 11an, tomateak 12:00etan aurkeztu beharko dira Durana kalean jarrita egongo den txokoan.
- Tomateak ikusgai egongo dira 12:00etatik 14:00etara. Sari banaketa 14:00etan egingo da.