Tokiko kontsumoa sustatzeko bonu kanpaina berriro jarriko da martxan

2022/11/30
Gabonei begira, Udalak 500 bonu kaleratuko ditu, eta bihartik aurrera jarriko dira salgai Arkupen, 13:00etatik 16:00etara. Aretxarte Elkarteko berrogeita hamar establezimendu baino gehiagotan gastatu ahal izango dira abenduaren 31ra arte.

Gabonen atarian, Aretxabaletako Udalak hurbileko establezimenduetan erosketak sustatzeko bonu kanpaina berri bat ipiniko du martxan. Bihartik aurrera, hau da abenduaren 1etik aurrera, ‘20+10€ bonuak’ jarriko dira salgai, guztira 500: erosleak 20 euro ordainduko ditu, eta, trukean, hamar euro jasoko ditu doan. Beraz, 30 euro gastatu ahal izango dira Aretxarteko bazkide diren 54 establezimenduetan (dendak, tabernak eta zerbitzuak).

Udalak 5.000 euro bideratuko ditu kanpaina honetara. Bonu guztiak salduz gero, gutxienez 15.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragingo luke tokiko ekonomian.

20+10€ bonuak’ bihartik aurrera eskuragarri egongo dira Arkupen, eta horiek trukatzeko erosleek abenduaren 31era arteko epea izango dute aukera. 16 urtetik gorako aretxabaletarrek erosi ahal izango dituzte (NANa aurkeztu beharko dute); pertsona bakoitzeko bat. Aretxartekoak arduratuko dira hauek saltzeaz Arkupen, 13:00etatik 16:00etara.