Terrazen instalazioa arautuko duen lehen udal ordenantzari oniritzia eman dio Udalbatzak
. Araudia indarrean jarri aurretik, jendaurrean ipiniko da alegazioak aurkeztu ahal izateko
. Osoko Bilkurak kiroldegiaren kudeaketa lizitatzeko deialdia ere onartu du
Asteazkenean egindako Osoko Bilkurak aho batez eman zion oniritzia ostalaritzari lotutako terraza eta mahai-multzoekin bide publikoaren erabilera eta okupazioa arautuko duen lehen udal ordenantzari. Araudia behin-behinean onartu zuten eta orain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, jendaurrean jarriko da alegazioak aurkeztu ahal izateko.
Ostalaritza establezimenduetako terrazak nola instalatu behar diren, oinezkoen guneetan, plazetan eta ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetan bete behar diren okupazio-arauak, terrazen osagarri diren elementuak (toldoak, egitura egonkor irekia edo alboetako babesak), berogailuen baldintzak… dira ordenantzan arautzen diren gaietako batzuk. Bide publikoa okupatzeko lizentzia eskatzeko jarraitu beharreko administrazio-urratsak, terrazen funtzionamendu ordutegia eta araudia ez betetzeagatiko isunak ere jasotzen dira.
Dena ezustekorik gabe badoa, ordenantza martxoaren erdialdean jar daiteke indarrean.
Udalbatzak aho batez ere onartu zuen Ibarra kiroldegiaren kudeaketa lizitaziora ateratzea. Esleipena lau urterako izango da, urtero berritu ahalko da eta ekitaldi bakoitzeko 502.812 euroko prezioa izango du.
Bestalde, Osoko Bilkuran Javier Mar-ek zinegotzi kargua hartu zuen, Pili Leanizbarrutia (EAJ) ordezkatuz.