Sei upategik parte hartuko dute datorren larunbatean ospatuko den Txakolin Egunean

2022/05/24
Buztintxuri eta Bihotza erraldoi eta buruhandien konpartsek kaleak alaituko dituzte.

Txakolin Eguna maiatzaren 28an itzuliko da Aretxabaletara. Mitarte kalean, 12:30etik 14:30era, Getariako Txakolina jatorri deitura duten sei upategitako ardoak dastatzeko aukera egongo da: Gaintza, Gañeta, Inazio Urruzola, Kataide, Murgialdai eta Rezabal.

Bost euroren truke bost tiket erosi ahal izango dira beste horrenbeste kontsumiziorako, kopa bat barne. Tiketak saltzen, Senegalen garapenerako lankidetza proiektuak aurrera eramaten dituen Yaakar Elkarteak lagunduko du.

Txakolinaz gain, bertako ekoizleek prestatuko dituzten pintxoak eta hanburgesak ere dastatu ahal izango dira.

Kaleak alaitzeaz, berriz, Iruñako Buztintxuri eta Urduñako Bihotza erraldoi eta buruhandien konpartsak arduratuko dira.