Santakurtz kaleko lanak astelehenean hasiko dira, lehenengo fasean

2022/01/14
Iparragirre kalearen hasieraren (iparraldea) eta kuartelaren ondoko erdi-biribilgunearen arteko ibilbidea ibilgailuentzat itxiko da. Obrak bost fasetan banatu dira.

Santakurtz kaleko lanak astelehenean hasiko dira bete-betean. Lehenengo fasean Iparragirre kalearen hasieratik (iparraldea) kuartelaren ondoko erdi-biribilguneraino doan ibilbidean egingo dira obrak. Tarte hori, kronogramaren arabera, ibilgailuentzat itxita egongo da lau hilabetez.

Xabi Otxoa Hirigintza zinegotziak gogorarazi duenez, Santakurtzeko hornidura eta saneamendu plan berezia proiektu "estrategikoa" da, eta "ibilbide luzea eta lan handia" egin ondoren, azkenean martxan jarriko da. Lurpeko azpiegiturak berritzeaz gain, kalea hirigintzaren ikuspegitik ere hobetuko da.

Lanen garapena eta bizilagunen egunerokoa bateragarri egiteko, bost fasetan ekingo zaio hirigintzako esku-hartze honi, ·”bizilagunen mugimenduak eta etxebizitzen atarietarako sarbidean ahalik eta eragin txikiena izateko”, adierazi du Sestra enpresako Josu Agirrezabalagak.

Esku-hartze eremuak Kurtzebarri Eskolako eraikinaren amaieratik herriko sarreran dagoen erdi-biribilguneraino hartzen du, baita Santakurtz ondoko kaleak ere. Bide zati hau ez da motordun ibilgailuentzat moztuko bere osotasunean, eta une oro "berritu gabe dagoen edo berritzen joaten den bideren bat erabili ahal izango da", zehaztu du Agirrezabalagak.

Urtebeteko exekuzio-epea aurreikusten da, bost fasetan:

  • Urtarrilaren 17an hasiko da. Kuartelaren inguruan dagoen erdi-biribilgunearen eta Iparragirre kalearen (iparraldea) hasieraren artekoa. Lau hilabete.

  • Santakurtz eta Otalora arteko bidea, Amets tabernaren kaletik doana. Hilabeteko lanak, lehen fasearekin gainjartzea aurreikusten dena.

  • Iparragirre kaletik (iparraldea) Sarasate kaleraino (hegoaldea). Lau hilabete.

  • Exprex tabernatik Otalora kalerako tartea. Hilabete pasatxo gauzatzeko.

  • Kurtzebarri Eskolaren ingurua. Oporraldia aprobetxatuko da lan batzuk aurreratzeko, obraren zatirik handiena espazio horretan burutu baino lehen.

 Bi milioi euro baino gehiago

 Santakurtz  kaleko obrak Sasoi Eraikuntzak enpresari esleitu zaizkio, 2.042.500 eurotan. Asmatu Ingeniaritzak diseinatutako proiektuaren arabera,  oinezkoen eremuak eta ibilgailuen trafikoa mugatuko dira, hainbat material erabiliz. Espaloiek gutxienez bi metroko zabalera izango dute irisgarritasuna bermatzeko, eta txorkoak egokituko dira zuhaitzak landatu ahal izateko. Bidegorriak ere bere ibilbidea jarraituko du kuarteleko erdi-biribilguneraino, eta galtzadaren zabalera txikituko da ibilgailuen abiadura murrizten laguntzeko.

Urbanizazio lanen aurretik, hornidura eta saneamendu sareak ordezkatuko dira. Argiteria sareak ere eguneratu egingo dira led argi berriak jarriz, baita telekomunikazioak ere (gaur egun airetik igarotzen diren zatiak kenduko dira). Obrak hiri-altzari berriekin osatuko dira.

Behin-behineko aparkalekua Tubos-en orubean

Bestalde, obrak egiten diren bitartean kentzen diren aparkalekuak konpentsatzeko, Udalak behin-behineko aparkaleku bat jarri zuen martxan uztailean Tubos enpresa izandako orubean.