Santakurtz kalea berrurbanizatzeko bi alternatiben artean erabakiko dute herritarrek

2020/02/27
Bozkatzeko eta ekarpenak egiteko epea martxoaren 2tik 7ra arte egongo da zabalik. Hornidura eta saneamendu sareak berritzeko, eta irisgarritasuna eta bide segurtasuna hobetzeko lanak aurten hasiko dira.

Santakurtzeko hornidura eta saneamendu sareak berritzeko lanak hasiko ditu aurten Udalak eta, bide batez, kalea berrurbanizatuko du, irisgarritasuna eta bide segurtasuna hobetzeko irizpidepean. Oztopo arkikektonikoak kentzeaz gain, espaloiak zabaldu, errailak estutu, ibilgailuen abiadura murriztu, eta oinezkoen eta automobilen ikuspena hobetuko dira.

Helburu horiekin, azken hilabeteetan Udalak herritarrekin partekatu nahi dituen bi alternatiba landu ditu, Santakurtz kalea eta bere inguruen eraberritzea adosteko. Bi aukerak martxoaren 2tik 7ra azalduko dira Arkupen, atxabaltarrek horietako baten alde bozka dezaten eta egokitzat jotzen dituzten ekarpenak egin ditzaten.

Hala, Santakurtzeko Saneamendu eta Hornidura Plana (PEAS) aurten hasiko da, eta Kurtzebarri eskolako eraikinaren amaieraren eta kuartel zaharraren ondoan dagoen erdi-biribilgunearen artean dagoen tartea berriro urbanizatzeko aprobetxatuko da. Kale perpendikular guztiak ere barne hartzen ditu. (Elkano, Guridi, Iparragirre, Sarasate eta Otalorako 12,18 eta 22 zenbakiak).

Batetik, azpiegituren sare guztiak birmoldatuko dituzte: ur hornidura, euri uren eta ur beltzen saneamendua, energia elektrikoaren sarea, eta argiteria publikoaren eta telekomunikazio instalazioak. Eta, bestetik, kaleko maldak berrikusiko dira, eta oinezkoen guneetan eta motordun trafikoa sartzeko bideetan zoladura hobetuko da.

Jarduera horrek funtsezko hiru oinarri ditu: mugikortasun jasangarria, irisgarritasun unibertsala eta segurtasuna, batez ere erabiltzaile ahulenenak, kasu honetan, oinezkoak eta txirrindulariak.

Proiektua zehazteke dagoen arren, Udalak 1.850.000 euroko inbertsioa aurreikusi du. Obrei dagokienez, eta ezustekorik ezean, uztailaren amaierarako esleitzea espero da, irailean has daitezen. Exekuzioa zazpi hilabetekoa izango da, baina behin betiko epea proiektua amaitzen denean zehaztuko da, atxabaltarren ekarpen guztiak jaso ondoren.

APARKALEKU KOPURUA EZBERDINA DA

Asmatu ingeniaritzak, Udalaren enkarguz, Santakurtz eta haren ondoko kaleak berriz urbanizatzeko bi alternatiba aurkeztu ditu. Alde nagusia aparkaleku-plazen eta horien kokalekuen kopuruan dago, baita parterreen edo lorategien diseinuan ere.

Oro har, A aukerak 132 aparkaleku eta oinezkoentzako gune zabalak planteatzen ditu. Aurrekontua 1.844.600 eurokoa da. B aukerak, berriz, 150era handitzen ditu aparkatzeko plazak, baina oinezkoen guneen zabaltasuna murrizten du, nahiz eta irisgarritasuna beti bermatu. Kostua ez da asko aldatzen, eta 1.830.700 eurokoa da.

Aukera horiek oinarri hartuta, atxabaltarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte, behin betiko konponbidean parte har dezaten. Azken proiektuan teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren eta hobekuntza dakarten proposamenak sartuko dira.

HITZA ETA BOTOA HERRITARREI

16 urtetik gorakoa izatea eta Aretxabaletan erroldatuta egotea dira Santakurtz kalea eta bere inguruak berriro urbanizatzeko planteatutako bi aukeretako bati botoa eman eta iradokizunak egin ahal izateko baldintzak.

Kale horietako 333 etxebizitzek eskuorri bat jasoko dute, egunotan banatzen ari dena. Parte-hartze prozesua, dena den, herritar guztiei irekita dago, eta atxabaltar bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du, NAN aurkeztuta.

Proiektua kontsultatzeko eta bozkatzeko puntua Arkupe izango da martxoaren 2tik 6ra arte, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta 7an, 10:00etatik 13:00etara. Horrez gain, datorren astelehenean Unai Elkoro alkateak eta Xabi Otxoa Hirigintza zinegotziak herritarren zalantzak argituko dituzte Arkupen.

Udalak apirilean zehar jakinaraziko ditu jasotako iradokizunen arabera proiektuan sartuko diren aldaketak. Honako bide hauen bitartez egingo du: www.aretxabaleta.eus webgunea, Udalaren App-a, komunikabideak, eta e-mailez eta posta arruntez parte hartzaile bakoitzak bozketan emandako helbideetan.