Santakurtz bihar arratsaldean irekiko da berriro ibilgailuentzat, urtebete baino gehiago itxita egon ondoren

2023/03/16
Obrekin zirkulazioaren noranzkoa aldatu duten kaleetan ohiko zirkulazioa berrezarriko da. Azken hilabeteetako euriak eta tenperatura baxuek eragina izan dute lanen erritmo onean. Hornikuntza eta saneamenduko lurpeko sareak berritu dira, kalea berriz urbanizatzeaz gain, oinezkoentzako irisgarritasuna hobetuz.

Urtebete eta bi hilabeteren ondoren, Santakurtz kalea bihar arratsaldean zabalduko da berriro ibilgailuentzat, iazko urtarrilean hasitako Hornidura eta Saneamenduko Plan Bereziaren lanak amaitu ondoren.

Kalea berriz irekitzearekin batera, obren fase guztietan aldaketak izan dituen ohiko zirkulazioa berrezarriko da. Horrela, Amets tabernaren kaletik doan tarteak beheranzko norabidea berreskuratuko du Otalora kalerantz, eta azken kale honetatik Santakurtzera iristeko Sarasate kalea (Exprex taberna) zeharkatu beharko da. Arkupeko atzealdean dagoen aparkalekura kultur etxearen eraikinaren ondoan dagoen tuneletik sartuko da. Hala ere, azken aldaketa hau ez da datorren astera arte sartuko indarrean, orduan irekiko baita berriro tunela.

Gainera, zabalduko diren eremuetako aparkalekuak bihartik aurrera egongo dira erabilgarri, Exprex tabernaren inguruan daudenak izan ezik, horiek datorren astetik aurrera erabili ahal izango baitira.

Unai Elkoro alkateak gaur gogorarazi duenez, hirigintzako esku-hartze honekin “2007an lantzen hasi zen proiektua azken urte honetan gauzatu da”. Era berean, nabarmendu du azken hilabeteetako eguraldi txarrak eragina izan duela obren epeetan, “espero baino gehiago luzatu baitira”. “Lanak erritmo onean zihoazen, urtebeteko aurreikuspenak betez, baina azken txanpan moteldu egin dira, euriak eta tenperatura baxuek ez baitute esku-hartzea erraztu. Itxaron egin behar izan da hormigoia bota eta berme osoz asfaltatzeko", azpimarratu du Elkorok. Alkateak obrak bisitatu ditu Xabi Otxoa zinegotziarekin eta Elena Gibello teknikariarekin batera.

Otxoak, bere aldetik, adierazi du proiektu honi esker erabat berritu direla Santakurtz kaleko eta haren inguruko saneamendu eta hornidura sareak. “Oso beharrezkoa izan da jarduera hau; ez da lehen begi-kolpean ikusten, baina proiektuaren zatirik handiena izan da”, gaineratu du. Aipatu duenez, lan hauek kalea berriro urbanizatzeko baliatu dira, oinezkoei zuzendutako hirigintza-hobekuntzekin, irisgarritasuna eta segurtasuna irabaziz eta bidegorriari jarraipena emanez.

“Kalea bihartik aurrera irekiko da berriro, eta datozen asteetan Sasoi Eraikuntzak enpresako langileek azken erremateak egingo dituzte obrak amaitutzat emateko”, esan du Otxoak.

Esku-hartzearen xehetasunak

Esku hartu den eremuak Santakurtz kaleko – eta haren inguruko – ibilbidea hartu du, Kurtzebarri Eskolako eraikinaren amaieratik kuartelaren ondoan dagoen biribilguneraino.

Oinezkoen eremuak eta ibilgailuen trafikoa mugatu dira, hainbat material desberdin erabiliz. Bidegorriak ere bere ibilbidea jarraitu du kuarteleko biribilgunearen ingururaino, eta galtzadaren zabalera txikitu da (kalearen amaieraraino jaisten den eskuineko aldeko espaloia zabaltzean), ibilgailuen abiadura murrizten laguntzeko.

Urbanizazio lanen aurretik, hornidura eta saneamendu sareak ordezkatu dira. Horrela, saneamendu urak eta dranaitze urak bereizi dira, putzu eta kanalizazio berriak eraikiz. Edateko uraren hornidura sareari dagokionez, egungo hodien ordez galdaketa harikorreko sare berri bat jarri da, diametro handiagoa duena, eta etxebizitzetarako hartuneak lortu dira, polietilenozko hodi txikiagoen bidez.

Argiteria ere berritu da, LED luminariak jarrita, telekomunikazio eta gas sareez gain. Hiri-altzari berriak ere ipini dira, hala nola bankuak eta zakarrontziak.