Santa Kurtzeko bidegorri zatia egokituko du udalak

2019/11/21
Obren lizitazioa hilabete honetan hasiko da, eta 2020ko ekainean hastea aurreikusi dute. Kurtzebarri eskolaren aurrean oinezkoen eta txirrindularien bide-segurtasuna hobetzeko aprobetxatuko da obra.

 

Udalak trenbide zaharreko plataforma –Kurtzebarri eskolako iparraldean- Basabe industrialdearen parean doan bizikletentzako errailarekin lotuko duen bidegorri zatia egingo du datorren urtean. Proiektuak Udaleko Hirigintza Batzordearen oniritzia jaso zuen atzo, obren lizitazio prozesua 'azaroa amaitu baino lehen' hasteko asmoz, Xabi Otxoa Hirigintza zinegotziak azaldu duen bezala.

Bidegorria eraikitzeak 230.550 euroko inbertsioa ekarriko du, eta hamabi asteko epean bukatuta egongo da. 278 metro horiek egokitu ondoren, Arrasatetik Eskoriatzaraino udalerria luzetara zeharkatuko duen ibilbidea osatuta geratuko da. 'Helburua mugikortasun iraunkorrean pauso gehiago ematen jarraitzea da, eta oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriak erraztea, hiri barruko zein herri arteko sarean', nabarmendu du Hirigintza zinegotziak.

Kasu honetan, bidegorri zati berriaren gakoetako bat bere ibilbidea Kurtzebarri ikastetxeko jolastokitik ateratzean datza. Gaur egun, ibiltari askok patioa zeharkatzen dute, Vasco-Navarro trenbide zaharraren plataformatik doan bidegorria eskolaren parean mozten baita.

Proiektatutako jarduera, era berean, Kurtzebarri eskolaren aurrean oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna hobetzeko pentsatuta dago. Zentzu horretan, Hirigintza zinegotziak zehaztu duen bezala, zirkulaziorako erreiak estutu eta sigi-sagan jarriko dituzte bidean, 'ibilgailuen abiadura murrizteko'. 'Santa Kurtz kaletik sarbidea duten garajeetatik datorren gehiegizko trafikoa ere kendu egingo da 21 eta 27 zenbakien artean, saihesbiderantz zuzenean irteteko aukera eskainiz. Horrela, orain arte Kurtzebarri eskolaren aurretik pasatzera behartuta zeuden ibilgailuen zati bat murriztuko da ", adierazi du Otxoak.

Obren hasierari dagokionez, Otxoak jakinarazi du 2020ko ekainean martxan jartzea aurreikusten dela, eskola-oporrekin batera, eskolatik kanpoko lan gehienei aurre egiteko eta "ahal den neurrian, edozein lanek eragiten dituzten eragozpenak murrizteko". Inbertsioari, dena den, 2019ko aurrekontuen kontura egingo diote aurre.