Sanmigelak bueltan dira, ohiko egitarauarekin
Sanmigelak bueltan dira, erakargarritasunez beteta eta ohiko ekintza guztiak berreskuratzen dituen programarekin. Hiru egunetan zehar, irailaren 23tik 25era, tradizioek, folkloreak, bertako produktuek eta herri kirolek kolorez eta alaitasunez jantziko dituzte Aretxabaletako kaleak.
Unai Elkoro alkateak, Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak eta Inma Miguel teknikariak aurkeztu dute gaur egitaraua, jaietako ekitaldietan parte hartzen duten talde eta elkarte ezberdinetako ordezkariekin batera.
Alkateak nabarmendu duenez, “2020ko geldialdiaren ostean, eta 2021ean azokara eta herri kiroletara mugatuta, Sanmigelak bere osotasunean itzuli dira”. “Beraz, berreskuratu egiten dugu atxabaltarrentzat oso berezia den festa, bertako eragile askoren inplikazioa duena”, gaineratu du Elkorok.
Artisautza eta nekazaritza ekologikoaren azokak, Sanmigeletako plater nagusietako batek, hogeita zazpigarren edizioa ospatuko du larunbat honetan Durana eta Mitarte kaleetan. “Artisauen postuak hogeita hamar bat izango dira, eta horien artean hamar bat aretxabaletarrak. Eskaintza askotarikoa izango da: egurra zizelkatzea, eskuz egindako zapatak, bitxiak, kakorratzak, oihalak, zeramika…”, zehaztu du Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak. Nekazaritza ekologikoaren merkatuari dagokionez, 18 erakustoki bertaratuko dira, eta produktu ugari jarriko dituzte salgai: barazkiak, ardi eta behi gazta, marmeladak, ogia, eztia, gozogintza, sagardoa, landareak, pasta…
Larunbatean ere, Arlutz tabernaren ondoko kantxan, bertako ganaduaren zortzigarren feriarekin gozatzeko aukera egongo da. Behi terreñak eta piriniotarrak, pottokak, mendiko zaldiak, ardi latxak eta sasi ardiak, eta oiloak izango dira ikusgai azokan.
Trikitilariak, txalapartariak, joaldunak, Ane Zuazubiskar eta Aitor Sarriegi bertsolariak, eta talo dastaketa ere festa girotzeaz arduratuko dira. Herri bazkariaren ondoren, nerabeei zuzendutako paintball saioaren txanda izango da (17:00etatik 20:00etara Ibarrako berdegunean). Haurrentzako zein helduentzako bolo txapelketek, Beinke-Loramendi dantzak eta Iratzar taldearen erromeriak osatuko dute egitaraua.
Sanmigelak, hala ere, ostiralean hasiko dira Bergarako erraldoi eta buruhandien konpartsaren kalejirarekin eta kantu afariarekin. Azken jai egunean, igandean, Doke eta mus txapelketak, herri kirolak eta Aretxabaleta abesbatzaren kontzertua izango dira protagonista. Angel Barandiaranek zuzendutako abesbatzak omenaldia egingo die pandemian hil diren Aretxabaletako herritar guztiei, baita abesbatzako kideei ere.