Sanmigel azokak Durana eta Mitarte kaleak hartuko ditu larunbatean

2021/09/23
Udal Gobernuak programaz gozatzeko deia egin du, baina "erantzukizunez eta zentzuz" jokatuz".

2021eko irailaren 23a. Artisautza eta nekazaritza ekologikoa izango dira larunbatean Sanmigel azokaren ardatzak. Trikitixa doinuek eta Balkoitik balkoira bertso saioak ere bat egingo dute azokarekin, talo dastaketarekin batera. Taloak aldez aurretik eskatu beharko dira eta, horreterako, Loramendi Euskara Elkartearen Tril taldeak sare sozialen bidez zabaldu duen galdetegia bete beharko da.

10:00etatik 14:00etara 30 postu baino gehiago bisitatu ahal izango dira. Hogei bat nekazaritza ekologikokoak izango dira, eta beste 15 artisautzakoak. Erakustokiak Durana eta Mitarte kaleetan jarriko dira karpetan banatuta.

Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, azokaren "esentzia" berreskuratu nahi izan dute, baina "formatu murritzagoan eta egungo baldintzetara egokituta". "Normaltasun handiagorantz goaz, baina oraindik azken ahalegina egin behar dugu, elkar zainduz", esan du Caberok. Era berean, "arduraz eta zentzuz" jokatzeko deia egin du, nahiz eta LABIak prebentzio neurriak malgutu dituen.

"Sanmigelak ospakizun herrikoiak dira; atxabaltarrek asko espero dituztenak, baina oraindik ez dira baldintza guztiak betetzen normaltasun osoz bizitzeko", berretsi du Kultura zinegotziak. Azkenik, "programaz gozatzeko" deia egin du, "beharrezko osasun neurriak hartuz".