Pintxo ibilbidea eta azoka, Aretxabaletako Tomatearen astean
Aretxabaletako tomateari eskainitako astearen bosgarren edizioa abian da. Datorren igandera arte hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da: pintxo ibilbidea, hitzaldi bat eta irailaren 12an Durana kalea girotuko duen azoka berezia.
Igandera arte herriko zazpi taberna eta jatetxetan tomateaz prestatutako pintxoak dastatu ahal izango dira: Dagda Irish pub, Exprex, Gurea, Hirusta, Iosu, Mugi eta Taberna Berri.
Ostegunean, aldiz, Aretxabaletako tomatea eta bere historia. Landutako bioaniztasuna zaintzeko ikaspenak izenburuko hitzaldia izango da Arkupe kultur etxean, 18:30ean hasita. Igandeko azokarekin emango zaio amaiera asteari. Bertan hogei bat postu egongo dira ikusgai, 11:00etatik aurrera.
Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Saila, Deba Garaia Landa Garapen Elkartea eta Aretxabaletako Udala dira antolatzaileak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.