Ostegun bidaiariak 2016 martxan

2016/04/08
Bidaia esperientziak partekatzeko lehiaketaren laugarren edizioa martxan da 1. Lehiaketaren helburua: Opor atarian, bidai ezberdinen esperientziak konpartitzea diaporamen bitartez, entzuleek udarako ideiak izan ditzaten. Esperientzia hauek izan daitezke ikasketa bidaiak, opor bidaiak, bidai luzeak, bidai laburrak, gertukoak, urrunekoak...

1. Antolatzailea: Aretxabaletako Udala.

2. Parte hartzaileak: Gehienez 4 parte-hartzaile izango dira lehiaketan. Banakakoek zein taldeek parte hartu ahal izango dute, Debagoienean bizi, lan edo ikasten dutenek

3. Aukeraketa: Izena ematen dutenen artean aukeraketa bat egingo da bidaiaren egingarritasuna eta praktikotasuna eta diaporamen kalitatea kontuan hartuta. Parte-hartzaileek bidai-kontakizunaren laburpen bat eta argazki batzuk aurkeztu beharko dituzte. Hortaz, jasotako proposamenetatik 4k izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera

4. Diaporamaren iraupena: 30-60 minutu artekoa izango da.

5. Hizkuntza: Aurkezpena euskaraz egin beharko da.

6. Bidaiaren ezaugarriak: Aurkeztuko diren bidaiak azken 5 urteotan egindakoak izan beharko dira.

7. Emanaldiak: Emanaldiak Aretxabaletako taberna ezberdinetan izango dira, ostegun iluntzetan, 21:30ean. Emanaldien egunak honakoak izango dira: maiatzak 19, maiatzak 26, ekainak 2 eta ekainak 9.

8. Izen-ematea: Apirilaren 15etik maiatzaren 2ra bitartean aurkeztu beharko dira bidaiaren laburpena eta argazkiak, gazteria@aretxabaleta.eus helbidera idatziz edo 943 71 18 62 telefonora deituz.

9. Publikoak emango du botoa: Ikusleek aukeratuko dituzte irabazleak bozka emanez. Ikusleek diaporama ostean bakarrik eman ahal izango dute bozka tabernan bertan kokatutako buzoian. Garrantzia emango zaio bidaiaren egingarritasunari eta bidaiak transmititzen duen gertutasunari. Ekimenaren helburua bidaietarako ideia-iturri izatea da.

10. Sariak: Publikoaren saria 100 eurokoa izango da.  Bestalde, parte-hartzaile guztiek 50 euroko sari-ordaina izango dute.

11. Oinarrien onarpena: Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek guztiak onartzea dakar.