Olentzero eta Mari Domingiren etorrera arratsaldeko desfilera mugatuko da

2021/12/22
Ibilbidean ez da geldialdirik egingo, ezta Herriko plazan ekitaldirik ere. Olentzero eta Mari Domingiri zuzendutako gutunak ostirala arte jasoko dituzte Arkupen jarritako postontzian.

Olentzero eta Mari Domingi Aretxabaletako kaleetara itzuliko dira aurten. Hala ere, ikazkina eta bere lagunaren etorrera arratsaldeko desfilera mugatuko da. Pandemiari aurre egiteko segurtasun neurriak jarraituz egingo da ibilbidea, kiroldegitik hasita 18:30ean. Kalejiran ez da geldialdirik egingo –Herriko plazako ekitaldia ere bertan behera geratu da- eta, ondorioz, Olentzerori gutunak emateko aukerarik ez da egongo.

Oraingo honetan, Olentzero eta Mari Domingi, txistulariek eta hogei bat antortxerok lagunduta, ibiliko dira kalez kale txikienen artean ilusioa piztuz.

Udalak jende pilaketak saihesteko eta kalejiran maskara erabiltzeko eskatu du.

Bestalde, ostirala arte gutunak uzteko aukera dago Arkupeko sarreran jarritako postontzian.

Osasun egoerak ahalbidetzen badu, formatu bera jarraituko da Bizar Zuri (abenduaren 31n) eta Errege Magoen Kabalgatan (urtarrilaren 5ean).