Nork agintzen du?

2024/11/08

Datorren azaroaren 20an, haurren eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna ospatzen da mundu mailan. Egun horren harira, Aretxabaletako Udaleko haur eta nerabe zerbitzuek elkarlanean hitzaldi bat antolatu dute; haurrentzako oso ezaguna den erreferente batekin, Joxe Mari Agirretxe, Porrotx.

Nork agintzen du? Lemapean, Katxiporretak argitaratutako ipuin bilduman jasotzen diren ideien inguruan arituko da. Bidelagun, elkarrizketatzaile gisa, Eneko Barberena izango du, euskara teknikaria, idazlea eta Aretxabaletan bizi dena.

Guraso eta hezitzaileei zuzendutako hitzaldia izango da, baina kuriositatea duen edonorrek ere ateak zabalik izango ditu.

Hitzaldia, azaroaren 19an izango da Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan, arratsaldeko 18:30etan, euskaraz.

Dena den, ez da ekimen bakarra izango. Iaz, haur eta nerabeei zuzendutako zerbitzuek hainbat spot atera zituzten komunikatzeko moduen inguruko hausnarketa sustatzeko. Aurten ere, berriro zabalduko dira herritarren artean.

Amaitzeko, gazteleku eta ludotekan azaroaren 20a, ekintza bereziak eginez ospatuko dute.