Martxoaren 8aren inguruan askotariko ekitaldiak antolatu dira emakumeen berdintasuna aldarrikatzeko

2023/03/02
Emakumeen frontenis txapelketa, bakarrizketa bat, ipuin saioa, eta dokumentalak dira asteburu honetan hasi eta hilaren amaierara arte antolatu den egitarauaren proposamenetako batzuk. Virginia Imazek ‘Pronoia’ clown ikuskizuna aurkeztuko du martxoaren 23an, eta hilaren 30ean ‘Elbira’ dokumentala proiektatuko da.

Udalak, Atxabaltako Mugimendu Feministarekin eta UDArekin elkarlanean, Martxoaren 8aren inguruan –Emakumeen* Nazoarteko Eguna- ekintzaz betetako egitaraua antolatu du, emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko beharra agerian uzteko.

Denon bizitza erdigunean lelopean, datorren asteburuan hasi eta martxoaren 30era bitartean hainbat kultur, kirol eta aldarrikapen jarduera izango dira. Emakumeen frontenis txapelketa, binakako bakarrizketa, Aresko martxa, ipuin saio bat, eta dokumentalak dira Udaleko Kultura eta Berdintasun sailek, mugimendu feministarekin eta UDArekin batera, antolatutako programari edukia ematen dioten proposamenetako batzuk.

“Oraindik ere bide luzea dugu berdintasun eraginkorra lortzeko; horregatik, ezinbestekoa da Emakumeen* Eguna aldarrikatzen jarraitzea; jasaten duten zapalkuntza egiturazkoa da, eta antolaketa ekonomiko, politiko zein ideologikoan errotuta dago. Oraindik ere emakumeek* bereizkeria pairatu behar dute emakume* izate hutsagatik, eta diskriminazio hori beste batzuekin gurutzatzen da: sexu-orientazioa, klasea, etnia, adina, migrazio-estatusa edo genero-identitatea, besteak beste. Ondorioz, politika feministak zeharlerrokotasunez garatzea beharrezkoa da sistema patriarkala arrakalatzeko”, adierazi du Udalak.

PROGRAMA:

  • Martxoak 4 eta 5: IX. Emakumezkoen Frontenis Txapelketa. Iturrigorrin.
  • Martxoak 8: Manifestazioa. 18:30ean hasiko da Herriko Plazatik.
  • Martxoak 9: Binakako bakarrizketa Luze edo motz, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairekin. Ikuskizun honetan generoa hartuko dute umoregai, gure gizartea zertan luze eta zertan geratzen den motz galdetzeko. Horretarako hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexua izango dituzte hizpide, besteak beste. Kritika eginez, deseraikiz eta barre eginez bazterrak zirikatzen jarraitzeko bueltatu dira Martiarena eta Torregarai. Ikuskizuna Zaraia aretoan izango da, 19:00etan (bost euro).
  • Martxoak 12: Aresko Emakume Martxa. Aretxabaletatik irtengo da, 12:00etan.
  • Martxoaren 15: Ameli ikuskizuna Amagoia Elizagoien narratzailearekin. Saioa hiru eta sei urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta liburutegiko txiki txokoan izango da (18:00etan). Izen-ematea martxoaren 13ra arte egongo da zabalik udal liburutegian.
  • Martxoak 16: Emakume ijitoen aniztasuna jorratzen duen Helena Bayona zuzendari nafarraren Romipen dokumentalaren emanaldia. Adin eta toki ezberdinetako zazpi emakume dira protagonistak, haien iraganaz, egunerokotasunaz eta etorkizunaz mintzatzen, baita feminismoa eta emakume zein ijito bezala bizi duten borroka prozesua bezalako gaiak jorratzen. Proiekzioaren ondoren, solasaldia izango da, Gaz kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioko kideen eta dokumentaleko protagonisten parte-hartzearekin. (19:00etan).
  • Martxoak 23: Pronoia clown ikuskizuna. Lan honetan Virginia Imazek umorez eta samurtasunez aurkezten ditu honako gai hauek: falozentrismoa, sexismoa hizkuntzan, emakumeen aurkako indarkeria fisikoa eta sinbolikoa, berdintasun errealaren eta berdintasun formalaren arteko aldea... Desberdintasuna eta indarkeria erreferente gisa hartzen dituen proposamen ludikoa da, eta Oihulari Klownen sorkuntza guztietan ohikoa den bezala, genero ikuspegitik egiten du. Zaraia aretoan izango da, 19:00etan (bost euro).
  • Martxoak 30: Elbira dokumentalaren emanaldia Arkupen (19:00etan). Lan honek Elbira Zipitria Irastortza hezitzaile eta euskaltzale aitzindariaren bizitzan sakontzen du, bere heriotzaren 40. urteurrenean.