Martxoak 8 - Adierazpen instituzionala
Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna, bat egin nahi dugu "Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma" onartu zeneko 30. urteurrenaren ospakizunekin.
1995ean, Beijingen, Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzia egin zen, eta bertan lortutako akordioek abian jarri zuten genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko bide-orria.
30. urteurren honek aukera ematen digu Beijingen adostutako berdintasun-helburuak lortzeko konpromisoak eta borondateak berritzeko, beharrezko baliabideak bideratuz oraindik ere badirauten erronkei eta oztopoei aurre egin ahal izateko.
Aretxabaletako Udalak ere emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen aldeko apustua egin du, eta horren adibide dira azken urteotan abian jarri diren zenbait ekimen, hala nola Aretxabaletako Txoko Feminista sortzeko parte-hartze prozesua eta antolatu diren bi jabekuntza eskolak.
Hala ere, aurrerapausoak ematen jarraitu beharra dago, oraindik ez baita generoberdintasuna lortu. Horregatik, Aretxabaletako Udalak ondorengo konpromisoak hartzen ditu:
- Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez emakumeak berdintasun-politika publikoetan solaskide eta eragile izan daitezen.
- Nesken eta emakumeen ahalduntzea sustatzen jarraitzea, Txoko Feminista eta Jabetze Eskola bezalako ekimenen bitartez.
- Tokiko agenda feministetan landutako ekintza-planekin bat egitea berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan.
- Sustapen-egiturak behar beste langile eta baliabidez hornitzea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate-Estandarren arabera.
Emakumeen Nazioarteko Eguna ekintzarako eguna da, eta beraz, Udalak herritar guztiok gonbidatzen zaituzte herriko beste eragile batzuekin batera antolatu duen programan parte hartzera. Gainera, Aretxabaletako Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat eginez, dei egiten dizue martxoaren 8an, 18:00etan, egingo den mobilizazioan parte har dezazuen!