Maiatzak 17, LGTBIAQ+fobiaren aurkako nazioarteko eguna

2024/05/17

1990eko maiatzaren 17an Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea Gaixotasunen Nazioarteko Zerrendatik kendu izana oroitzen da egun honetan; izan ere, aurrerapauso handia izan zen orientazio honen despatologizazioan eta aniztasun afektibo-sexualaren onarpenean.

Zoritxarrez, oraindik LGTBIAQ+ kolektiboko pertsonek indarkeria eta diskriminazio egoerak pairatzen dituzte, eta ondorioz, beharrezkoa da berdintasunaren alde borrokan jarraitzea. Denon ardura da diskriminazio eta indarkeria horien aurka lanean jarraitzea.

Egun honen helburua LGTBIAQ+ kolektiboko pertsonek jasaten dituzten eskubide urraketak eta indarkeriak salatzea da, baita pertsona hauen eskubideen alde egin beharreko lanarekiko interesa piztea ere.

Aurten arreta berezia jarri nahi dugu kirolean ematen den LGTBIAQ+fobian; izan ere, aurrerapausoak eman diren arren, oraindik lan asko dago egiteko esparru honetan. Horregatik, Aretxabaletako Udalak honako konpromisoak hartzen ditu:

  • Kirolean LGTBIAQ+ kolektiboko pertsonak ikusaraztea.
  • Kirolean ematen diren diskriminazio egoerei aurre egitea.
  • Kirolean ematen diren eraso LGTBIAQ+fobikoak salatzea.
  • Kirol eremua LGTBIAQ+ kolektiboko pertsonentzat espazio segurua izan dadin lanean jarraitzea.
  • Kirolean hizkuntzaren erabilera inklusiboa sustatzea.
  • Kirol instalazioak pertsona guztientzat erosoak izateko lanean jarraitzea.
  • Herriko kirol eragile ezberdinekin lanean jarraitzea LGTBIAQ+ kolektiboko eskubideen alde.

Aretxabaletako Udalak bat egiten du LGTBIAQ+fobiaren aurkako nazioarteko eguneko aldarrikapenekin, eta konpromisoa hartzen du aniztasunarekiko errespetuan lanean jarraitzeko eta berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko. Era berean, Aretxabaletako bizilagunei dei egiten die herriko gune ezberdinetan eskuragarri dauden LGTBIAQ+ banderadun eskumuturrekoak jar ditzaten, LGTBIAQ+ kolektiboko pertsonen eskubideen alde daudela erakusteko.