M8 adierazpen instituzionala
1975ean Nazio Batuen erakundeak martxoaren 8a Emakumeen* Nazioarteko Eguna izendatu zuen, feminismoak emakumeen* eskubideen alde egindako lana aitortzeko helburuarekin. Izan ere, asko izan ziren mugimendu feministari esker emakumeentzat lortutako eskubideak: enplegu eskubidea, independentzia ekonomikoa izateko eta gizartean eta politikan parte hartzeko eskubidea, sufragio eskubidea, bizitza duina izateko eskubidea eta indarkeriarik, esplotaziorik eta gutxiespenik ez jasateko eskubidea, besteak beste. Euskal Herrian, 1977an ospatu zen lehen aldiz Emakumearen Nazioarteko Eguna, Bilbon hain zuzen ere.
Hala ere, berdintasunerako bidean aurrerapausoak ematen jarraitu beharra dago oraindik, emakumeek* indarkeria pairatzen jarraitzen baitute euren bizitzako esparru ezberdinetan. Gainera, indarkeria horri beste indarkeria mota batzuk gehitzen zaizkio zenbaitetan: sexu-orientazioa, klasea, etnia, adina, migrazio-estatusa edo genero-identitatea, adibidez. Horregatik, ezinbestekoa da errealitate aniztasunari erreparatzea, denontzako bizigarriagoak diren bizitzak eraikitze aldera.
Gaurkoan, zaintza lanean jarri nahi dugu arreta, izan ere, lan hori ezinbestekoa da gure gizartearen iraunkortasunerako. Orokorrean emakumeak* dira zaintza lanetan dihardutenak eta oso modu desparekatuan gainera. Ondorioz, garrantzitsua da zaintzarako eskubide kolektiboaren alde egitea. Horregatik, Aretxabaletako Udalak, bere eskumenen barruan, honako konpromisoak hartzen ditu:
- Berdintasunaren eta emakumeen* ahalduntzearen aldeko neurriak garatzen jarraitzea, mugimendu feministarekin elkarlanean.
- Aretxabaletako zaintza ekosistema sortzen jarraitzea, herriko eragile ezberdinekin elkarlanean.
- Zaintza lanak balioan jartzeko ekintzak burutzea.
- Lanaren sexu-banaketa ezbaian jartzera bideratutako ekintzak burutzea
- Mugimendu feministaren urteetako lana aitortzea eta bultzatzea, herriko genealogia feminista ikusaraziz.
- Emakumeen* ikusgarritasuna sustatzea, perspektiba intersekzionaletik
- Genero rol eta estereotipoak ezabatzera bideratutako ekintzak burutzea. Emakumeen* Nazioarteko Eguna ekintzarako eguna da, eta beraz, Udalak herritar guztiok gonbidatzen zaituzte herriko beste eragile batzuekin batera antolatu duen programan parte hartzera. Gainera, Aretxabaletako Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat eginez, dei egiten dizue martxoaren 8an, 18:30etan, egingo den manifestazioan parte har dezazuen!