Ludotekak eta gaztelekuak espazio, txanda eta edukiera murriztuak izango dituzte ikasturte berrian

2020/09/25
. Ludoteka zerbitzua Gernika plazako egungo egoitzan eta Zainduz gimnasioa izandako lokalean eskainiko da. Txandak ordu eta laurdenekoak izango dira, 13-14 haur gehienez talde bakoitzean . Gaztelekua komentu zaharrera lekualdatuko da eta funtzionamendu independentea duten bi gela izango ditu. Taldeak koadrilaka antolatuko dira, ordu eta erdiko txandetan, eta gehienez 12-13 kide izango dira

2020ko irailaren 24a.

Ludotekak eta gaztelekuak urriaren hasieran ekingo diote berriro jarduerari, martxoan itxi ostean, koronabirusaren aurkako prebentzio neurri gisa. Ikasturte berrian pandemiak sortutako egoerara egokituko dira, zerbitzu "segurua, kontrolatua eta erabiltzaileen gozamenerako egokia" eskaintzeko. Bi kasuetan, segurtasun neurriak betetzeko espazio berriak prestatu dira. Halaber, edukiera eta txanda sistema ezarri dira udal zerbitzu horiek erabiltzeko.

Lau eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzendutako Algara ludoteka Gernika plazako egungo egoitzan eta Zainduz gimnasioa izandako lokalean egongo da kokatuta. Astelehenetik ostiralera ordu eta laurdeneko txandak antolatuko dira, 16:45etik 18:00etara eta 18:15etik 19:30era, eta gehienez 13 eta 14 erabiltzaile artean egongo dira txanda bakoitzean.

Ikasturte berria urriaren 5ean jarriko da martxan eta egun batzuk lehenago ate irekien jardunaldiak egingo dira, datorren astelehenetik urriaren 1era arte, 16.45etik 17.45era eta 18.00etatik 19.00etara.

Covid-19aren aurreko prebentzio protokoloaren arabera, txanda berean mantenduko dira ikastetxeetan antolatutako 'burbuila taldeak' (haur finkoen taldeak). Eguraldiak laguntzen badu aire zabaleko jarduerak lehenetsiko dira, eta barrukoak hezitzaileak gidatuko ditu uneoro. Besteak beste, erabilitako materiala kendu egingo da eta ezingo da erabili desinfektatu arte, tenperatura neurtuko da egunero, eta nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea (sei urtetik beherakoentzat izan ezik), baita eskuak garbitzea ere sarrera eta irteeretan.

Matrikularen prezioa 90 eurokoa da ikasturte osorako eta bi epetan ordaintzeko aukera eskaintzen da (45 euro urrian eta gainontzekoa, 2021eko urtarrilean). Izena emateko bi bide daude: 943 79 05 81/ 634 452 837 edo algaraludoteka@gmail.com.

Gaztelekuak bi gela izango ditu:
Bestalde, gaztelekua komentu zaharrera lekualdatuko da segurtasun neurriak betetzeko. 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzako zerbitzua bi gelatan banatuta egongo da (Kurtzebarri Eskolak hartu zuen espazioan), eta sarrera independenteak izango ditu, hezitzaile batek dinamizatuko dituenak. Gehienez 12-13 kideko edukiera izango duten taldeak koadrilaka antolatuko dira, eta ordu
eta erdiko txandak erreserbatzeko sistema batekin funtzionatuko dute. Gaztelekuak ostiraletik igandera irekiko ditu ateak (urriaren 2tik aurrera), 16:30etik 21:00etara.

Izena emateko hiru bide egongo dira: udalaren webgunea, QR kodea eta ikastetxeetan banatzen ari diren zirkularra.

Osasun neurriei dagokienez, nahitaezkoa izango da maskarak eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea, eta lehentasuna emango zaie kanpoko jarduerei, besteak beste. Urriko ostiraletan jarduera zehatzak programatuko dira Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleentzat, lehen aldiz joan ahal izango baitira gaztelekura.