Legealdiko estrategia eta proiektuak garatzen jarraitzen du udal gobernuak

2024/05/23

Aste honetan, urte bat betetzen da udal hauteskundeak egin zirenetik. Udal gobernu berria buru belarri ibili da aurreko legealditik martxan zeuden proiektuak gauzatzen, egunerokotasunean eragiten eta etorkizuneko proiektuei forma ematen.

Prozesu intentsua izan da. Kontutan hartu behar da, udal jardunean, gobernu taldearen gehiengoa berria dela. Beraz, jardun hau ezagutu, bertara egokitu eta barne dinamikak ulertzeko tartea hartu behar izan du zinegotzietako bakoitzak.

Egunerokotasun horretan, norabide berria markatzen duten erabakiak etengabe ari da hartzen gobernu taldea. Horren isla, aurtengo aurrekontuetan gehitu diren etorkizuneko proiektuak: zaintza ekosistema, gune estalia edo frontoia, beste askoren artean. Hilabete hauek, beharrak hobeto identifikatzeko balio izan dute eta zentsu horretan, aipatzekoa da, eragile ezberdinekin martxan jarri den dinamikak emankorrak izan direla.

Maiatzaren 11n, gobernu taldeak, datozen urteetako proiekzioa eta ekimenak zehazteko dinamika burutu zuen. Bide horretan, Udalak, elkarteen, alderdi politikoen eta herritarren iritziak jaso nahi ditu. Horretarako, ekainean zehar, udal gobernuko kideek, herriko puntu ezberdinetan jartzeko asmoa dute markatutako estrategia eta proiektuen inguruan ekarpenak jasotzeko.

Behin ekarpen guztiak jasota, urriaren 15ean, arratsaldeko 18:30ean, komentuko areto berrian, Udal plan estrategikoa eta bere proiektu nagusiak aurkeztuko dira. Baita 2025 urteko aurrekontuen ildo nagusiak ere.